Euria presente egon bazen ere, makina bat jende bildu zen igandean Arbizun, Txistorra Egunak erakarrita. Bildutako guztiak jakien azokako 20 bat postuetan erosketak egin ahal izan zituzten. Horretaz gain, auzate ederra izan zen eta denek ere herriko ekoizleen txistorra pintxoa dastatzeko aukera izan zuten, ardoaz lagunduta, jakina. Bertsolariek eta musikariek giroa alaitu zuten egunean zehar. Egitarauan ere herri kirola ere ez zen falta izan. Arratsaldean, gainera, Euskal Herriko txapelketarako baliagarria zen harri zulatzaileen proba jokatu zen. Pintxo lehiaketaNorgehiagoka gastronomikoan Sakana eta Iruñeko 8 pintxo neurtu ziren. Aurreneko bi sariak herrian bertan gelditu ziren. Izar Ondo jatetxeko Mikel Reparaz Untzillak prestatutako Gosari pintxoak aurreneko saria eskuratu zuen (Txapela, diploma eta 300 euro). Bigarren saria (diploma eta 200 euro) Karrika tabernako Katrin Ginearen Ondatz pintxoarendako izan zen. Podium gastronomikoa Iruñeko De Vinos tabernak osatu zuen. Sakanako goxua pintxoak 3. saria eman zion (diploma eta 100 euro). Epaimahaia:Abel Barriola pilotaria, Ritxar Tirapu pilotari ohia, Jokin Espartza Osasuna lehen taldeko jokalaria, Javier Diaz Iruñeako Alhambra jatetxeko sukalde burua, Juantxu Larruzea Amorebietako Juantxu jatetxeko sukaldari burua, Pili Idoate Europa jatetxeko sukalde burua, Fernando Mari Flores Enekorri jatetxeko sukalde burua, Mikel Zeberio gastronomoa.