Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
San Joan ondoren Loinaz bidetik Utzubar industrialdera aldatu zuen produkzio gunea Embutidos Arbizuk. 2,1 milioi euroko inbertsioa eskatu dio enpresari egoitza berriak. Horretarako Nafarroako Gobernuaren 477.119 euroko (%22) laguntza jaso zuen. Aurreko ostiralean Begoña Sanzberro Iturriria kontseilaria Embutidos Arbizun izan zen, egindako pabilioi berria ezagutzera.Mª Carmen Arbizuk, Patxi Goikoetxeak eta Ainara Goikoetxeak kontseilariari azaldu ziotenez, "lehengo lantegia txiki gelditu zen". Arbizuarren asmoa da lantegi berrian produktu gehiago ekoiztea. Orain arteko txistorra, txorizo fresko, panzeta eta pate ekoizpenari etxeko txorizoa, fuet-a eta pate aukera zabalagoa gehituko zaio. Asmo horiekin batera enpresa arbizuarrak bi kalitate ziurtagiri eskuratzeko lanean dago. Batetik, International Foods Standar ziurtagiria eta, bestetik, ingurumen arloko ISO 14.001 ziurtagira. Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak egindako inbertsioa goraipatu zuen. Horrekin batera, lehen sektoreko elikagaien eraldaketan aritzen diren enpresek Nafarroan duten garrantzia nabarmendu zuen (28.000 langile). Elikagaien industria ekonomi krisia hobekien gainditzen ari den sektoreetako bat dela ere azpimarratu zuen, gaineratuz, "garrantzi handia du landa eremuen mantenuan, populazioa finkatzen duelako eta hirietatik kanpo aberastasuna banatzen duelako". 2000 metro karratuLantegiak txistorra-txorizoa, hirugiharra eta patea egiteko hiru lanleku ditu. Gainera, ontziratze lerroa, hozkailuak eta biltegiak ditu. Bulegoak 400 metro karratu ditu eta badu espazio bat lantegia handitzeko aukera eman lezakeena. Inbertsioak produkzioa hirukoizteko aukera eman liezaioke enpresari, baina egun orain arteko produkzioarekin segitzen dute. 8 langile ari dira.