Nazabal Euskal Herriko Maila Nagusiko finala txapela janzteko faborito argia

Guaixe 2009ko abenduaren 18a

Arbizuko kiroldegiak 25. Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala hartuko du igandean, hilaren 20an, 12:30ean. Ekitaldia elkarlanean antolatu dute Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak, Nafarroakoak, Sakanako herrikirolzaleek eta Arbizuko Udalak. Azaroaren 22an Asteasun jokatutako kanporaketan sailkatu ziren sei aizkolarien artean erabakiko da finala: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Juan Jose Lopez Azpilikueta (Lezaun), Iñaki Azurmendi (Arriaran), Antonio Senosiain (Olague), Joseba Otaegi (Zizurkil) eta Jexuxmari Mujika (Ibarra). Finala baino lehenago Sakanako Aizkora Eskolako haur aizkolarien erakustaldia izanen da. Asteazkenean eman zituzten finaleko xehetasunak Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko Koldo Alduntzinek, Nafarroako Federazioko presidente Joxelu Retegik, Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak eta finalean ariko den Joseba Otaegi aizkolariak. Mendinueta pozik zegoen finala Arbizun jokatuko delako. "Iaz Euskal Herriko bigarren mailako finala hartu genuen eta aurten maila nagusikoa hartzeko aukera genuela jakitean baiezkoa eman genuen. Herri kirola bulkatzearen aldekoak gara eta ohorea da guretako" adierazi zuen. Bi berritasun nagusi izanen dira: Arbizuk lehen aldiz hartuko du Euskal Herriko maila nagusiko finala, eta aurten kategorian debutatu duen Joseba Otaegik - iaz bigarren mailako txapela jantzi zuen Arbizun - finala jokatuko du. Sakanako pagoakAizkolari bakoitzak 12 pago enbor moztu beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Sakanako herrikirolzaleek hartu dute egurra prestatzeko ardura eta bertako egurra izango da.  Hiru gipuzkoar eta hiru nafar ariko dira lehian, eta 40 urteko Floren Nazabal da faborito argia. Asteasuko kanporaketan erakustaldia eman zuen, Juan Jose Lopez Azpilikuetari bi minutu eta bost segundoko tartea atereaz. Gainera, kanporaketak sorpresa galantak utzi zituen, iaz finala jokatu zuten Txapartegi, Olasagasti eta Vicente ez baitziren finalerako sailkatu. Txanponaren beste aldean, Antonio Senosiain finalerako sailkatu zen eta Mujikak lehenengoz lortu zuen finalerako sailkatzea. Gainera, maila nagusian debutatzen zuen Otaegik finalerako txartela lortu zuen. Meritu handia. Etxarriarra koska bat goragoFinalean edozer gauza gerta daiteke, baina aizkolariek Nazabal jotzen dute faborito. Otaegik adierazi zuenez "meritu ikaragarria du Florenek, bera hasi zenean maila ikaragarria zegoelako aizkoran. Orduan egin ziren markarik onenak eta bera hor mantendu zen, peleian. Nik goian ezagutu dut eta hala jarraitzen du. Urteekin konfiantza hartu du eta denen gainetik ikusten dut". Zizurkilgo aizkolarien ustetan Juanjo Lopez eta Azurmendiren artean erabakiko da bigarren postua, nahiz eta Lezaungoa finago ikusten duen. Gainontzeko aizkolariek gora egin dutela uste du Otaegik, eta bera gozatzera eta ahalik eta lan txukunena egitera aterako dela. "Duela 5 urte hasi nintzen eta orduan ez nuen inondik inora maila nagusiko final batean egotea espero" zioen 26 urteko aizkolari gazteak. Hortaz, ikuskizun bikaina espero da igandean. Jaialdiak 17.000 euroko aurrekontua du eta sarrerak 15 eurotan izango dira salgai. Nazabalek eskarmentu handiena du, aurtengoarekin bere 19. txapelketa ari baita jokatzen eta igandean hemezortzigarren finala jokatuko du. Orain arte lau aldiz jantzi du txapela, 2002an, 2004an, 2007an eta 2008an. Ea igandean bosgarrena janzten duen, eta etxean gainera. Horretarako burua hotz mantendu, bere erritmoari eutsi eta arerioak ez ditu gutxietsi beharko. 72 enbormoztu beharko dituzte guztira, aizkolari bakoitzak 12. Sakanako pagoak izango dira.