"Arbizun eginen eginen di N A gu" lelopean martxan da Arbizuko Arbizuko euskaran hitanoa bultzatzeko taldea osatzeko prozesua. Arbizuko Udala, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua eta arbizuar talde baten asmoa da: "gure herrian eta gure herriarendako Arbizuko euskaraz, hiketan eta noketan eginen dugu".
Norendako
Ekimena euskaraz ongi moldatzen direnendako pentsatua dago. Hiketan eta noketan egiten dutenek ere parte hartzea beharrezkoa da; dakitenek eta ez dakitenek ikasteko eta erabiltzeko.
Hitzordua
Egitasmoaren berri emateko bilera eginen da heldu den asteazkenean. Han Arbizuko herriaren izaera, beharrak, nahiak eta kezkak aztertu ondoren, hitanoa bultzatzeko taldea osatzea proposatuko da. Ekimenaren bultzatzaileek kezka azaldu dute azken urteetan euskararen erabilerak Arbizun behera egin duelako (%76 2006an, %83 2001ean). Udaletik eta Euskara Zerbitzutik euskaldunei esan diete "euskarari ez ezik, herriko euskarari ere eusteko". Euskararekiko arbizuarren atxikimendua garbia dela nabarmendu dute, argi utziz "adinduok eta helduok Arbizuko euskaraz egiten dugu, eta hitanoa maiz erabiltzen dugu dagokion esparruetan. Zer gertatzen ari da, ordea, gazteenekin? Eta, hitanoaren kasuan, gizonen eta emakumeen arteko hizketarekin?". Kanpokoekin (euskaldun eta euskara ulertzen dutenekin) ere hizkuntza aldatzen dutela ohartu dira taldekoak, "aldaketa eta hizkuntza-gertakari horren aurrean, hausnarketa eragin nahi dugu; herrian hizkuntzaren aberastasuna eta kalitatea kaskartzen bada, erabileran eragina izan dezakeelako".
Bilera
Abenduaren 23an, asteazkenarekin, 19:00etan, herriaren etxean.