Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
VIII. Malerrekako Pilota Txapelketako finalak bihar jokatuko dira, larunbatarekin. Goizean benjaminen, kimuen eta haurren finalak erabakiko dira eta arratsaldean kadeteena, gazteena, 22 urtez azpikoena eta seniorrena.Arratsaldeko jaialdia 18:00etan hasiko da, Doneztebeko pilotalekuan. 22 urtez azpiko finala ikusgarria izango da benetan. Alde batetik, Arbizuko Aldabide taldeko bi biko ariko dira elkarren kontra; eta egoera are gehiago korapilatzeko, bi anaia ariko dira elkarren kontra, ezkurdiatarrak hain zuzen. Joseba Ezkurdiak Lukinekin osatuko du bikoa eta arerioak Mattin Ezkurdia eta Araña izango dira. Lehenengo hirurak arbizuarrak dira, eta Araña, aldiz, irurtzundarra. Hortaz, lehiak gatza eta piperra badauka eta ikuskizuna ziurtatuta dago. Irabazten duenak irabazita, Aldabidekoak pozik egongo dira, eta txapela Sakanara etorriko da. Eta igandean Liga Vascako final aurrekoakAsteburu latza dute Joseba Ezkurdiak eta Lukinek. Gaur, ostiralean, Andoainen ariko dira, Joseba ostegunean ere partida bat jokatzen aritu zen, bihar Malerrekako finala dute jokoan, eta ostean ez dute atsedenik hartuko. Izan ere, igandean Liga Vascako kluben arteko txapelketako final aurrekoak izango dira jokoan, 22 urtez azpikoen mailan. Partida Arbizun jokatuko da, igandean, 12:30etik aurrera, eta Aldabideko bikoak - Ezkurdia eta Lukin - Azpeitiako Ilunpeko Otamendi eta Ieregi izanen ditu aurkari. Ea arbizuarrak final honetara ere iristen diren.