Motorren orroa

Guaixe 2010eko martxoaren 18a

Sakana 4x4 taldeko kideak larunbatean eta igandean Arbizuko industrialdean jokatuko den 4x4 topaketa prestatzeko lanetan buru-belarri dabiltza. Iaz bezala, Arbizutik Etxarrirako norabidean, Bikain garajea ezkerrean utzita eskuin eremuan jokatuko da proba, Arbizuko industrialdean. "Iaz bezala zazpi tramuko proba izango da. Larunbatean todoterrenoek norabide batetik bestera gainditu beharko dituzte guneak, eta igandean kontrako norabidean pasa beharko dira. Ibilgailuek egindako denbora batu eta denbora onena egiten duena izango da txapelduna" dio Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntzak.  Tramu horietan mota guztietako zuloak, trabak, aldapak eta beste gainditu beharko dituzte pilotuek, eta aurtengo neguaren eraginez, ura eta lohi asko egonen da ia guztietan. Hiru pilotu sakandarGuztira 50 ibilgailu ariko dira. "Tope hori jarri genuen, bestela gehiegizkoa da, eta duela hiru aste pasa bete ziren tokiak. Jendea oraindik izena emateko deitzen ari da, baina ezinezkoa da, beterik dago" gaineratzen du Lakuntzak. Euskal Herritik, Burgosetik, Errioxatik eta hainbat tokitik etorriko dira pilotuak, baita Pontevedratik ere. "Iaz izugarri gustatu omen zitzaien eta ia 800 km egingo dituzte hemen parte hartzeko. Hortaz, interesa badute" nabarmentzen du Lakuntzak. Tartean hiru pilotu sakandar ariko dira: Arbizuko Mikel, Etxarriko Eneko eta Iturmendiko Iker. Pilotuen maila handia da, ez dago faborito argirik, eta lehia oso estu egonen omen da. "Oso estua dago dena. Urtetik urtera geroz eta gehiago prestatzen dira autoak, eta gauzak inoiz baino estuago daude. Jendeak itxurako peleiaz gozatzeko aukera izango du" dio Lakuntzak. Gaueko probaIkuskizun gehiago eskaintzeko asmoz larunbat gaueko proba berezia prestatu dute. Proba honek ez du txapelketarako puntuatzen baina proba berezia da, erlaxatuagoa, gidariek gehiago disfrutatzeari begira antolatua. Kasu honetan bi gune berezi prestatu dira, eta auto bat alde batetik eta bestea beste aldetik aldi berean hasten dira tramua gainditzeko lanetan. Azkarren bukatzen duena da irabazlea eta horrela behin eta berriz, proba bukatu arte. Litekeena da topaketan izena eman duten 50 pilotuak aritzea, antolakuntzak eskatuta. Industrialdean aparkatzeko deiaProba jarraitzera hurbilduko diren milaka zaleei - iaz eguraldi txarra eta hotz izugarria zegoen, eta hala ere bi egunetan 4.500 pertsona inguru bildu ziren - Arbizuko industrialdean aparkatzeko deia egin die antolakuntzak. "Iaz Guardia Zibilek eta Foralek kontrol gogorrak ezarri zituzten, errepidearen bi aldeetan ezin baita aparkatu, baina autoak industrialdean ongi aparkatuta zeudenez ez zen isunik egon eta ez zen ezer gertatu" dio Jose Luis Lakuntzak. Ikusle asko espero dituzte, baina eguraldiaren araberakoa izanen da hori. Zaletu guztiei ez zaie faltako kafe berorik ez edatekorik, taberna hartzeko karpa bat jarriko baitute. Guztia antolatzeko 30 pertsona ariko dira, hurrengo beharretan: sarreran egon, zonatan banderekin egon, epaile lanak egin, muntatzen duten txoznan lan egin, zirkuitua prestatu, traktoreekin zuloetan trabatuta geratu diren gidariak atera... denetatik. SariakTopaketako lehenengo hamar sailkatuek saria izanen dute. Txapeldunak Nortyrek emandako Pirelli etxeko lau gurpil eder jasoko ditu, 1.000 euro inguruko balioarekin. Bigarrenek sari erdia, hurrengoek laurdena... lehen hamarrek saria jaso arte. Horretaz gain sari berezia jasoko dute sailkatutako azkenak, urrutitik etortzen denak eta pilotu espektakularrenak. Gaueko probari dagokionez, lau sari banatuko dira. Sari ematea igandean izango da, pilotu eta kopilotuendako Etxarri Aranazko Iturri Eder jatetxean eginen den bazkari ederraren ostean. Antolakuntzak gogoz eskertu nahi du proba antolatzeko orduan babesleek emandako laguntza, tartean Ramos Elektrizitatea, Albisu ibilgailuak, Dinescon, Nasipa, Bikain, Nortyre eta abar. OrdutegiaLarunbatean: Arratsaldeko 15:30etik 19:30eraLarunbatean, gaueko proba: Gaueko 22:00etatik 13:00etaraIgandean: Goizeko 10:00etatik 13:00etarawww.sakana4x4.com Topaketari buruzko informazio guztia.