Topaketa arrakastatsua

Guaixe 2010eko martxoaren 25a

Jende eta ikuskizun asko Sakana 4x4 topaketan. Eguraldiak lagundu zuen baina zirkuitua oso gogorra izan zen pilotuendako. Lau pilotu sakandar aritu zirenAsteburuan jokatu da, Arbizuko industrialdean, Sakana 4x4 taldeak antolatutako 4x4 topaketa. 50 ibilgailuk hartu zuten parte - hori zen antolakuntzak jarritako topea, eta berehala bete ziren tokiak- eta tartean lau pilotu sakandar aritu ziren: Arbizuko Mikel, Etxarriko Eneko, Iturmendiko Iker eta Dorraoko Iñigo Lizarraga. Gainerakoak Euskal Herritik, Burgosetik, Errioxatik eta baita Pontevedratik ere etorritakoak ziren. Eguraldiak lagundu zuen eta jendetza hurbildu zen 4x4 topaketa ikustera. "Oso pozik gaude, eguraldia portatu da eta bi egunak kontuan hartuz 5.000 pertsona inguru pasa dira topaketatik. Pilotuek ikuskizun polita eman dute eta gustura gaude" dio Sakana 4x4 taldeko kide Jose Luis Lakuntza "Risitas"-ek. Zazpi ataleko proba izan zen. Larunbatean todoterrenoek norabide batetik bestera pasa behar zituzten guneak, eta igandean kontrako norabidean. Denbora batuta, Burgoseko Aitor Llanera izan zen txapelduna, Raul Pedreña (Pontevedra) eta Xabi Narru (Eskoriatza) pilotuen aurretik. Sakandarrei dagokionez, Iñigo Lizarraga dorrobarrak sekulako erakusketa egin zuen eta seigarrena izan zen. Arbizuko Mikel ongi ibili zen, baina igoera oso maldatsua zuen zati batean irauli eta proba utzi behar izan zuen. Eneko etxarriarrari kanbioa apurtu zitzaion, eta Iker iturmendiarrari harrikozkor batek gurpilean eman eta bentiladorea apurtu zion. Iñigo izan ezik, beste hirurek proba utzi behar izan zuten. Bestalde, gaueko proban Raul Pedreña galiziarra gailendu zen. Antolakuntzak prestatutako zirkuitua gogorra zen, eta auto asko trabatuta geratu ziren, ez atzera ez aurrera. "Iaz esaten ziguten zirkuitu konplikatuagoa jartzeko eta hala egin dugu, eta aurten batzuk kexatu zaizkigu, zirkuitu erraxagoagoa jarri behar genuela eta. Todoterrenoak geroz eta hobeak dira, pilotuak lehiakorragoak eta maila igo dugu, baina egia esan auto asko ezinean geratu dira" azaldu du Risitasek. Normalean bi traktore ibiltzen dira trabatuta geratzen diren ibilgailuak ateratzen, baina larunbatean bakarra zegoen, beste traktoreko gidaria ezin izan baitzen aritu. "Ataskatutako autoak ateratzeko gehiago itxoin behar izan zen eta alde horretatik barkamena eskatzen dugu" aipatu du Risitasek. Hurrengo probakSakana 4x4 topaketa despedituta, beste bi erakustaldi antolatzea du buruan Sakana 4x4 taldeak. Lehen erakustaldia Arbizun izanen da, Arbizuko San Juan festetan, eta bigarrena Dorraon, oraindik zehaztuta ez dagoen datan, abuztu aldera. Informazioa: www.sakana4x4.com web gunean. Saritutakoak-Sakana 4x4 topaketa:1.Aitor Llanera (Burgos)2.Raul Pedreña (Pontevedra)3.Xabi Narru (Eskoriatza)4.Jexus Gogorza (Leitza)6.Iñigo Lizarraga (Dorrao)-Gaueko proba:1.Raul Pedreña (Pontevedra)-Pilotu ikusgarriena:Bi sari: Iñigo Lizarraga (Dorrao) eta Jexus Gogorza (Leitza)-Urrutitik etorritakoenari:Raul Pedreña (Pontevedra)