Bi garaipen Spirit Racing Team taldearendako

Guaixe 2010eko martxoaren 31

Spirit Racing Team karting talde arbizuarrak bi garaipen garrantzitsu lortu zituen martxoaren 20an eta 21ean Zaragozako Zuerako kartingeko nazioarteko zirkuituan. Sakanako taldeko bost gidarik hartu zuten parte: Mikel Rodriguez atarrabiarrak kadete mailan, haren anaia Ibaik X30 mailan, eta KZ2 maila gorenean Zizurreko Arturo Cobosek, Hendaiako Beñat Poblacionek eta Gasteizko Victor Etxabek.  Mikel Rodriguez jaun eta jabe izan zen, jokatutako bi finaletan bi garaipen lortu baitzituen. Ez zen Ibai Rodriguezen eguna izan eta bi bosgarren postuekin konformatu behar izan zen. Maila gorenean Victor izan zen Sakanako taldeko onena, lehen finalean hirugarrena eta bigarrenean bosgarrena izan baitzen. Beñatek arazoak izan zituen kartarekin, ezin izan zuen lehendabiziko finala bukatu eta bigarren finalean laugarrena sailkatu zen. Arturok zorte txarra izan zuen, Zuerara eramandako bi motorrak apurtu eta bi finalak bukatu gabe agurtu baitzuen txapelketa. Hurrengo asteburuan Gaztela eta Leongo txapelketan parte hartuko dute Spirit Racing Team taldekoek, Castroponcen. Zueran egindako lana eta bertan hartutako esperientzia bikain etorriko zaie.