Igandean, Arbizuko XV. Duatloiaren txanda

Guaixe 2010eko apirilaren 23a

Arbizuko udalak Arbizuko XV. Duatloia antolatu du igandean, apirilaren 25ean, Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin eta Nafarroako Kirol Institutuaren eta beste hainbat entitateren babesarekin. Ekitaldia asteartean aurkeztu zuten Arbizuko Duatloiko arduradun Mikel Lakuntzak, oinezko ibilbidearen arduradun Iñigo Razkinek eta Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, eta laguntzaile guztien babesa eskertu zuten.  XV. edizioa bete du Arbizuko probak eta Nafarroan proba dekanoa da. "Proba egonkortuta dago egutegian, eta inportantea da zirkuituetan" azaldu zuen Gerrikagoitiak. Horren isla, aurten bi duatloi zirkuitutarako puntuagarria izango da Arbizukoa: Nafarroako zirkuiturako - dagoeneko hiru proba jokatu dira eta Arbizukoa, San Juanekoa eta Altsasukoa geratzen dira - eta Vasconavarro txapelketarako. Eta horretaz gain, Nafarroako txapelketa izanen da, distantzia motzean. Hau da, Arbizuko helmugara iristen den lehen nafarra Nafarroako duatleta txapelduna izango da distantzia motzean. Boxak Kale Nagusian egongo diraAurten berrikuntzak ekarriko ditu Arbizuko duatloiak. Hasterako, boxak plazan egotetik Kale Nagusira egotera pasako dira. "Plaza nahiko justu geratzen zen. 200 duatletarendako tokia zegoen soilik eta espazio faltagatik urtero parte hartu gabe geratzen zen jende dezente. Horregatik aurten inskripzioa 250 pertsonara zabaldu dugu eta boxak Kale Nagusian kokatuko ditugu. Udaletxetik Eskoletara arteko eremu hori hesituko dugu espaloiak libre utziz. Eskola pareko espaloia duatletendako izango da, bertatik boxetara sartzeko, eta beste espaloia zabalik egonen da ikusleendako. Horrela, zaleek duatletek boxetan egiten dituzten trantsizioak gertutik ikusteko aukera izango dute. Trantsizioak ikusgarriagoak izango dira" azaldu zuen Mikel Lakuntzak. Horrek aldaketa txiki bat ekarri du ibilbidean. "Oinezko lasterketan ez da aldaketarik egongo, baina txirrindulako proban bai. Txirrindulan bi buelta eman behar zaizkio zirkuitu bati eta Kale Nagusia itxita egongo denez, Arbizura sartzerakoan Kale Nagusian gora joan beharrean, Juanito taberna parean eskuinera egin beharko dute parte-hartzaileek, Fernando Urkia kaletik gora jo eta bertatik San Juan ermitara iritsi. Hor, autobiako zubia gurutzatu eta poligonora daraman errotondan Unanurako bidea hartuko da. Beste guztia orain artekoa izango da" azaldu zuten. Ibilbidea: 8 km-36 km-4 kmIgandean 11:00etan abiatuko da Arbizuko XIV. Duatloia. Irteera betikoa izanen da, plaza parean, eta hortik gora eginen dute, Lizarraranzko bidean. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro eginez. Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 36 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura heltzeko lana bitan eginez. Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote korrikan, 4 kilometro eginez. Helmuga eskolen parean egonen da. Proba polita da, baina gogorra, tartean Lizarragako Katea baitago. "Hegoak jotzen badu are gogorragoa da proba, hegoak katea izugarri gogortzen du" zioen Mikel Lakuntzak. Proba osatzeko 2 ordu eta 5 minutuko denbora izango dute duatletek.No draftingTxirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hori esan nahi du "no drafting"-ek. "Arbizuko proba egiten hasi ginenean horrela egiten genuen, izan ere triatloian eta duatloian, hasieran, ezin zen aurrekoaren edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Baina probak jendetsuagoak izaten hasi zirenean hala egiteari utzi zioten federazioek eta arbitroek. Lehenengora bueltatu nahi dugu, duatleta bakoitzak karrera bere gaitasunaren arabera egin dezala. Horrek esan nahi du ongi ibiltzeko bi disziplinetan orekatuagoak izan behar direla kirolariak, eta ezin direla txirrindulari hobeen lanaz aprobetxatu" zioten antolatzaileek. Horrela, arbitroek txirrindula ibilbidea kontrolatuko dute. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta albora dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenak 2 minutuko zigorra jasoko dute. Horretarako bi zigor eremu gune jarri dituzte ibilbidean eta araudia betetzen ez duenak bertan geldirik eman beharko ditu bi minutuak. Antolatzaileek uste dute no drafting honek duatleta gehiago erakarriko dituela. Sakana Triatloi Taldekoak dena emateraIzena ematea ostegunean itxi zen www.navarratriatlon.com web gunean, eta puntako duatletak ariko dira. "Momentuz Patxi eta Luis Mari Urizarrek, Mikel Otaegik eta bestek eman dute izena, eta emakumezkoetan Yolanda Magallonek, Eva Bustok eta Nerea Arrietak" zioten asteartean. Jakina, Sakana Triatloi taldeko kideak eta beste taldeetan edo independiente modura ariko diren sakandarrak ez dira faltako. "10-15 sakandar ariko dira. Sakana Triatloi Taldea ere oso fin dabil, eta ea taldekako sailkapenean postu ona lortzen duten" adierazi zuen Gerrikagoitiak.  Dortsalen banaketa Arbizuko Eskoletan eginen da, larunbatean, 16:00etatik 18:00etara, eta igandean, 9:00etatik aurrera. Boxak igandean zabalduko dira, 10:00etan. Epaileek orduan ere hasiko dute materialen kontrola, parte-hartzaile guztiek pasa beharko dutena. Arbizuko kiroldegia ere zabalik egonen da 9:00etatik aurrera, aldagela eta dutxa zerbitzuekin. Ordu biak baino lehen proba bukatutzat emanen da, eta ordu bietan sari banaketa eginen da Arbizuko plazan. Ondoren, auzatea izanen da Aldabide elkartean. Probako antolakuntza lanetan ia 40 pertsona ariko dira. Sariak eta zozketakArbizuko duatloiak sari ederrak izango ditu. Lehenengo gizonak eta emakumeak 200 euro eta garaikurra jasoko dituzte, bigarrenek 150 euro eta garaikurra eta hirugarrenek 100 euro eta garaikurra. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako eta beterano mailako lehen gizon eta emakumeek 100 euro eta garaikurra jasoko dituzte. Sakanako lehenek eta Arbizuko lehenek 100 euro eta garaikurra jasoko dituzte, eta talde onenak 100 euro eta garaikurra emanen du etxera.  Horretaz gain parte-hartzaile guztiek kamiseta, Arbizuko gazta eta bertako txistorra jasoko dute oroigarri. Gainera, Razesak emandako bizikleta koadro eder bat zozketatuko da Arbizuko duatloiko azken hiru edizioetan aritu diren duatleten artean eta eta txirrindularako 10 ekipazio guztien artean. Informazioawww.sakana-mank.comwww.navarratriatlon.com