Eguraldi bikainak lagunduta, Arbizuko XV. Duatloia arrakastatsua izan zen oso. Proba Arbizuko Udalak antolatu zuen, Sakana Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzaz. Arbizuko proba gogorra Nafarroako zirkuiturako eta Vasconavarro zirkuiturako baliagarria zen, eta horretaz gain distantzia motzeko Nafarroako txapelketa izan zen. 169 duatletek hartu zuten irteera, 8 km korrikan, 36 km txirrindulan eta 4 km korrikan egiteko, eta horietatik 19 sakandarrak ziren, kirol honek gurean duen jarraipen handiaren isla. Hortaz, duatleta sakandarren festa izan zen igandekoa. Nobedade moduan boxak Kale Nagusian jarri zituzten eta horregatik bizikleta ibilbidean aldaketatxoren bat egin behar izan zuten antolatzaileek, baina horretaz gain aurreko edizioetako ibilbide berbera izan zuen probak. Lasterketaren beste berrikuntza zen txirrindula proban duatletek distantzia mantendu behar zutela euren artean, ezin zirela ondoko edo aurrekoaren gurpilari lotuta joan, ezin zen draftinga egin. Eta parte-hartzaile gehienek begi onez hartu zuten antolakuntzaren erabakia. Hasiera hasieratik Raul Amatriainek (Lagunak-Saltoki) hartu zuen aurrea, sei duatleta inguru atzean zituela, tartean Mikel Otaegi (Baxurde Txiki) eta Unai Yus (independientea). Lizarragako katean gora, txirrindularitza tartean, Otaegik eta Yusek Amatriain gainditu zuten eta aurrea hartu zuten, eta bizikleta utzi eta berriro ere korrika egiteko garaian, Otaegik Yus atzean utzi eta bakarrik agertu zen helmugan, Yusi ia minutu bateko aldea atereaz (1:37:19). Raul Amatriain hirugarrena izan zen eta probako lehen nafarra, distantzia motzean Nafarroako txapelduna izanik (1:37:47). Amatriainek arazo muskularrak zituen eta Arbizukoa Nafarroako txapelketa zelako aritu zela adierazi zuen, asko sufritu zuela eta txikituta heldu zela azpimarratuz. Helmugan zazpigarrena izan zen Igor Flores urdiaindarra izan zen Nafarroako txapeldunordea eta lehen sakandarra (1:40:45), eta Fco Javier Gomez altsasuarra hirugarren nafarra (1:41:39). Emakumezkoetan Radka Vodickovak (Reus Ploms) ez zuen areriorik izan (1:56:13) eta ia bi minutu atera zizkion bigarrena eta Nafarroako txapelduna izan zen Eva Bustori (1:58:00). Lagunak-Saltoki izan zen talde onena. Guztia ongi ateratzeko 40 bat boluntario aritu ziren lanean. 2.000 euro banatu ziren sarietan eta Razesak utzitako bizikleta koadro bat eta 10 ekipazio zozketatu ziren. Duatletek kamiseta, txistorra eta gazta zatia jaso zuten opari, eta sari emate ondoren auzate ederra izan zen Aldabide elkartean. Arbizuko duatloia, sakandarrak 1.Mikel Otaegi (Baxurde Txiki): 1:36:25 7.Igor Flores (Lagunak-Saltoki): 1:40:45 10.Fco. Javier Gomez (Sakana T.T.): 1:41:39 13.Felix Benjumea (Sakana T.T.): 1:42:22 17.Javier Borrega (Sakana T.T.): 1:43:04 18. Urko Berdud (Sakana T.T.): 1:43:11 (lehen juniorra) 23.Jokin Lazkoz (Sakana T.T.): 1:44:00 38.Mikel Lakuntza (Sakana T.T.): 1:47:28 41.Esteban Berdud (Sakana T.T.): 1:48:01 53.Juan Luis Maiza (Sakana T.T.): 1:49:50 58.Aitor Mozo (Sakana T.T.): 1:51:07 59.Isidro Asurabarrena (Sakana T.T.): 1:51:40 60.Juan Carlos Gomez (Sakana T.T.): 1:51:41 68.Mikel Berdud (Sakana T.T.): 1:52:34 76.Joxi Lazkoz (egunean federatuta): 1:55:01 94.Juantxo Azurmendi (Sakana T.T.): 1:57:34 129.Oscar Sanz de Acedo (Sakana T.T.): 2:10:57 Oharra: Sakana Triatloi Taldeko Alejandro Zabala eta Fidel Jimenez erretiratu egin behar izan ziren, eta Alberto Martinez deskalifikatu egin zuten. Nafarroako txapelketa Gizonezkoak: 1.Raul Amatriain (Lagunak-Saltoki, 1:37:47); 2.Igor Flores Galartza (Lagunak-Saltoki, 1:40:45); eta 3.Fco. Javier Gomez (Sakana T.T., 1:41:39). Emakumezkoak: 1.Eva Busto (Triatlon Atalaya, 1:58:00); Ana Monreal (Belsy Club Natacion, 2:02:39); eta 3. Cynthia Martinez (Lagunak-Saltoki, 2:06:50).