Udalak maiatzaren 21eko greba deialdiarekin bat egin du

Guaixe 2010eko apirilaren 27a

Arbizuko Udalak bat egin du Abian plataformarekin eta hark aurkeztutako mozioa bere egin du. Hala, Arbizuko Udalak "enplegu suntsiketa gelditzea eta enplegu duina exijitzen du sakandar guztiendako". Horrekin batera, Sakana bailaran garapen oso eta integrala bultzatzeko konpromisoa hartu du udalak. Aldi berean, Abian plataformak maiatzaren 21erako deitu duen bi orduko geldialdiarekin bat egin du. Gainera arbizuarrak egun horretarako deitu diren mobilizazioetan parte hartzera hots egin du udalak. Hala erabaki zuen aurreko ostiralean egindako bilkuran. AHTArbizuko Udalak Nafarroako zenbait udaletako hautetsi independenteek Abiadura Handiko Trenaren inguruan (AHT) sustatutako mozioarekin bat egin du. Adostutakoaren arabera, Arbizuko Udalak AHT-ri ezezkoa eman dio, "proiektu txikitzaile eta antisoziala izateaz gain, erakunde ezberdinek herrien eta herritarren parte hartzeko duten eskubidea kontutan hartu gabe inposatzen ari direlako". Horrekin batera, egitasmoa gelditzea eskatu du udalak eta, aldi berean, "azpiegitura egin edo ez egiteko erabakia zuzen hartzeko, gardentasuna, informazioa, eztabaida eta herritarren erabakitzeko eskubidea bermatzea" eskatu du. Informazioa zabaltzeko konpromisoarekin batera, udal autonomiaren aldeko defentsa eginen dute Arbizutik. Azkenik, herritarren partea hartze, eztabaida edota proiektuaren kontrako iritziei ateak zabaltzeko prest azaldu da Arbizuko Udala.