Iaz Lizarragabengoan eta Arbizun Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan herri galdeketak egin zirela gogoratzeko eguna antolatu zuten. Eguerdian Euskal Herrian azpiegitura horren inguruan herri galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariak bildu ziren udaletxean. Haiek "herritarrak zein erabakietan parte-hartzeko horiek duten eskubidea defendatzeko" konpromisoa hartu zuten. Horrekin batera, AHTren aurrean "instituzio lokalek duten ahotsa eta bozka eskubidea bermatzea" erabaki zuten. Guztiek ere "AHTren inposaketaren aurrean oposizioa bermatzen dugu". Arbizun izan ziren hautetsien ustez, AHT Euskal Herrian "planteatu den azpiegiturarik handiena da, bere kostu ekonomikoagatik, ingurumenean zein gizartean izango duen eraginagatik eta lurralde suntsipena dakarrelako". Hautetsiek "informazioa gizarteratzea eta hori eztabaidatzea" nahi dute, jendeak iritzia eman eta erabaki dezan". Herritarrei informazioa ezkutatzen zaiela salatzearekin batera, toki erakundeek AHTren inguruan sortu den "zentsuraren aurka egiten dituzten saiakerak kriminalizatzea" salatu zuten. Bestalde, egitasmoaren atzean "interes politiko eta ekonomikoak" ezkutatzen direla salatu zuten. Estatuko eta erkidegoetako gobernuak "lobby ekonomikoen morroi" direla salatu zuten. Ekonomia krisi garaian "hiritarren gehiengoari eragiten dioten gizarte mozketak" daudela azaldu zuten eta AHTri buruzko eztabaidarik ez dagoela nabarmendu zuten. MozioaArbizuko Udalak, bestalde, ezohiko bilkura egin zuen. AHTren erabakien gainean herritarrek eta udalek duten parte-hartzeko eskubidea aldarrikatuko du udalak larunbatean onartutako mozioaren bidez. Bestetik, helburu horiek lortzeari begira Nafarroan sortu den hautetsien sarearekin bat egitea erabaki du.Argazkian: Itziar Lizarraga, Josu Miren Mendinueta, Mikel Garziandia, Periko Peñagarikano (Anoetako alkatea), Mª Paz Garmendia (Legorreta), Iñaki Oiarbide (Legorretako alkatea), Gorka Iriarte, Haizea Arruti (Itsasondo), Niko Moreno (Elorrioko alkatea), Koldo Flores, Eneko Lazkoz eta Fran Araña. Idatziarekin bat egin baina Arbizun egon ezin izan zutenak: David Covos (Atxondoko alkatea); Aitor Sarasola (Alegiko alkatea) eta Axier Agirre (Aramaioko alkatea).