Akerruntza auzoaren hegoaldean Arbizuko Udala urbanizazio berri bat egiten hasi zen duela bi bat aste. Hango bideak egiteko lurra mugitzen hasi dira. Lanak egiten ari diren inguruak Tellerieta izena du eta han bertan agertu zen ostegunean teileria, teilak egiteko labea. Han egindako teila ugari ziurrenik gaur egun oraindik ere Arbizuko etxeetako teilatuetan daude. Aitonari entzuna zekien Xabier Reparaz Estramianak inguru hartan garai batean teileria zegoela. Urbanizazioko lur mugimenduak hasi zirenean lur gorria eta teila zatiak agertu ziren. Xabier udalarekin harremanetan jarri zen teileria zena opatzeko asmoz. Aurreko ostegunean, udalak utzitako pala txiki baten laguntzaz, lurra mugitzen hasi ziren eta teileria osoa agerian uztea lortu dute. Arbizuarren jakin-mina piztu du aurkikuntzak eta asko izan dira aurkikuntza bisitatzera joan direnak. TeileriaLauki bat da agerian utzi dutena. Metro bateko zabalera dute paretek. Han jartzen ziren egosi behar ziren teila eta adreiluak. Lurra harrizkoa da eta zulo ugari ditu, parrilla baten modukoa da. Izan ere, bere azpian sua egiten zen. Beheko sutegi horretara egurra sartzeko sarrera ere agerian utzi dute. Eraikinaren goiko partea izanen zena erabiltzeari utzi ziotenean ziurrenik bota eta materiala beste eraikuntza batzuetan erabiliko zuten. Teileria agerian uztearekin batera teila normalak, teilatuko kaldorrean jartzeko teila handiak, bistako adreiluak eta adreilu trinkoak. Azken horiek eraikuntzan gutxi erabili dira Sakanan. Maria Floresek Basogintza Sakanan liburuan aipatzen du tximinietan, sutan eta ogi labeetan ere jartzen zirela adreiluak, baina "ezin ziurta daiteke bertan ekoiztutakoak" direnik. Udaleko Euskara Batzordeak argitaratu zuen Arbizuko Toponimia lanean jasotzen denez, 1709koa da teileriari buruzko lehen aipamena. XVIII. mende inguruan hasi ziren halako teileriak gurean ugaltzen eta industrializazioarekin batera, XIX. mende akaberan, erabiltzeari utzi zioten. Teileriak herriarenak ziren eta alokatu egiten zituzten. Teileriez arduratzen zirenak adituak ziren. Herri batetik bestera ibiltzen ziren. Xabierrek esan digunez, normalean udan egiten zuten lan. Kolpean teila eta adreilu ugari egiten zituzten eta zenbait urtez herrira etorri gabe egoten ziren. Teilagileak behar zituztenean hots egiten zituzten. Maria Floresek bere lanean dioenez, "herritarren beharrak asetzeko zen" ekoiztutakoa eta ezin zen herrietatik kanpo saldu. Xabierrek azaldu digunez, teilak egiteko moldeak udalarenak ziren.