Imanol Rayo lanera

Guaixe 2010eko ekainaren 17a

Imanol Rayok duela hiru bat urte hartu zuen esku artean Bi anai filmaren egitasmoa. Urtetako lanaren ondoren, pauso berria emanen dute datorren astean: astelehenean ekinen diote filmaketa lanari. Arbizuarraren lehen film luzea izanen da. GrabazioaGidoia moldatu eta produkzio kontuak lotuta, otsailean grabatu zituzten lehen irudiak Larra mendizerran. Datorren astean hasiko dira filmazio lanak, Nafarroako mendialdean, Atxagaren liburua kokatzeko leku egokian. Aurreikuspenak betetzen badira, astelehenean Lesakan grabatu ondoren, Artikuntzarako bidea hartuko dute. Bertan, kaleko eszenak grabatuko dituzte, bizpahiru astetan. Ondoren, Iturenerako bidea hartuko dute, barruko eszenak grabatzeko. Abuztuaren amaierara arte luzatuko dira grabazio lanak. Filma euskaraz grabatuko da.Filma Orio Produkzioak etxeak ekoitziko du. 1,5 milioi euroko aurrekontua du. Nafarroako Gobernuak 50.000 euroko diru laguntza eman du. Imanol RayoImanol Rayo arbizuarrak duela hiru urte inguru hartu zuen esku artean egitasmoa. 23 urte baino ez zituen orduan, baina bazuen esperientzia. Andoaingo zine eskolan ikasi zuen Imanolek eta etxe horretarako bi film labur egin zituen 2005ean: No mires al sol eta Feliz año Oswaldo. Urte bat geroago La mosquita muerta eta Leihotik film laburrak karrikaratu zituen. Lan horietan asko ikasi ondoren, film luzera salto egiteko beharra sentitu zuen. Horrela sortu zen Bi anai ekoiztearen ideia. Bi anaiBernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarritzen da Imanol Rayoren filma. XX. mendeko 50eko hamarkadan kokatzen da. Aitaren heriotzaren ondoren, Paulok, seme gazteak, bere gain hartuko du Daniel, adimen urriko anaiaren ardura. Danielen emakumeekiko desioak gora egitearekin batera, herrian gero eta baztertuago egonen dira bi anaiak.Bernardo Atxagak Guaixe astekariari adierazi zionez, literaturaren bidez ikusezina ikusgarri egiten saiatzen da. Gauza bera eginen du Imanol Rayok zazpigarren artearen bidez. Atxagaren eleberriaren argumentua galdu gabe, arbizuarra dokumental eta entsegura gerturatuko da. Fitxa teknikoaAktore nagusiak: Bingen Elortza, Aitor Coteron, Loreto Mauleon, Oihan Lopetegi.Beste aktore batzuk: Kandido Uranga eta Klara Badiola.Gidoia eta Zuzendaritza: Imanol Rayo.Produkzioa: Beñat Ibarbia (Orio Produkzioak)Argazkiak: Javi AgirreDekoratuak: Peio VillalbaJantziak: Josune LasaMusika: Mikel GoñiFilmaketa: Nafarroa iparraldean (Lesaka, Artikuntza eta Ituren). Sakandarren musikaImanol Rayo da Bi anai filmeko protagonista sakandar nagusia, baina ez bakarra. Beste sakandar batzuek ere egin dute ekarpena. Mikel Goñik du musikaren ardura. Altsasuarrak zenbait sakandar inplikatu ditu filmean. Arbizuko eta Bakaikuko abesbatzek elizako kantu bat grabatu zuten filmerako. Apirilean egin zuten grabazioa Bakaikuko elizan, Rafa Goñiren zuzendaritzapean. Bestalde, Altsasuko zenbait musikarik musika bandaren melodia jarriko dute.