Olaberria Karting Series Txapelketan bikain

Guaixe 2010eko uztailaren 7a

Arbizuko Spirit Racing Team taldea Olaberria Karting Series txapelketan lehiatzen ari da. Berriki bigarren proba jokatu zen Olaberrian eta emaitza bikainak ekarri zituen Arbizuko taldeak. Taldeko lau gidari aritu ziren lanean. Gazteena Ibai Rodriguez atarrabiarra izan zen, Hobby kategorian X30 motorra zuen kart batekin aritu zena. Jokatutako bi lasterketak irabazi zituen, eta esaterako bigarren lasterketan seigarren postutik atera eta gero, proba irabazi eta sei segundo sartu zizkion bigarrenari. Bi lasterketetan itzuli azkarrenak lortu zituen. Sailkapen orokorrean bigarrena da eta txapelketa irabazteko asmo argia du. Beste hiru gidariak maila gorenean aritu ziren, 125 zentimetro kubikoko mailan, 6 martxekin. Hondarribiko Oscar Pereirok lehendabiziko lasterketa egin zuen Spirit Racing Teamekin eta kartari puntua hartzen eta probari tamaina hartzen aritu zen bereziki, emaitzari gehiegi begiratu gabe. Victor Etxabe gasteiztarra hirugarrena sailkatu zen nahiz eta bigarrenak baina itzuli azkarragoa egin eta pistan hura baina azkarragoa dela erakutsi. Trazatzeko unean akatsak egin zituen eta horregatik izan zen hirugarrena, bigarren lasterketan bezala. Beñat Poblacion hendaiarrak sekulako maila eman zuen. Pole positiona lortu zuen eta horregatik lehendabiziko tokitik abiatu zen. Ez zuen areriorik izan eta zazpi segundoko aldea atera zion bigarrenari. Bigarren lasterketan seigarrena atera zen eta atzera ere probako garailea izan zen, bere nagusitasuna erakutsiz. Bi lasterketako itzuli azkarrenak egin zituen. Hendaiakoa bigarren postuan dago orokorrean, lehendabizikotik soilik 11 puntura. Hurrengo lasterketa Miranda de Ebroko zirkuituan izanen da. Taldeko bost gidari ariko dira: Aitor Lasa donostiarra kimuetan, Mikel Rodriguez atarrabiarra kadeteetan, Ibai Rodriguez atarrabiarra K125 mailan, Victor Etxabe gasteiztarra KZ2 mailan eta Zizurko Arturo Cobos KZ2 mailan. www.spirit-karts.comTaldearen informazio guztia.