Idazten dena bada

Guaixe 2010eko uztailaren 8a

Eguneroko bizian bezala, zenbait errealitatek denbora behar izan dute euskal literaturan ikusgai egiteko. Horietako bat da gay-lesbiko-trans mugimendua. Zenbait idazlek azterketa hori egin dute Desira desordenatuak lanean. Egileen artean dago Juanjo Olasagarri arbizuarra. GalderakNola jorratu ditu euskal literaturak gay eta lesbianen arteko harremanak? Nolako pertsonaiak eraiki dituzte egileek beren lanetan? Idatzi al dute transexualitateari buruz? Galdera horiek erantzuten saiatu dira hamasei literatur sortzaile eta ikertzaile, Ibon Egaña literatur kritikari eta irakaslearen koordinaziopean. Irakurketa kritikoa egiteko orduan queer ikuspuntua erabili dute, genero eta sexu identitatea gizarte eraikuntzaren ondorio dela dioen ildoa. Queer kritikaz ezer gutxi egin da euskaraz orain arte, beraz, lan berritzailea da. 2007an sortu zen liburua egiteko asmoa, EHGAMek antolatutako Homosexualitatea eta lesbianismoa euskal literaturan mahai-inguruaren harira. Hiru urte beranduago argia ikusi du liburuak, Utriusque Vasconiae argitaletxearen zigilupean. Identitatea Liburuan etengabe hitz egiten da identitateaz, liburuaren koordinatzailearen hitzetan, "gay, lesbiana, transexual edo transgenero batendako bere buruari askotan egin dion galdera baita". Identitate hori nazio identitatearekin nola lotzen den aztertu dute liburuan. Atal horretan protagonismo berezia izan du Juanjo Olasagarrek. Batetik, Batita Handiaz lana aztertu du arbizuarrak eta bestetik, sakandarraren Ezinezko maletak eleberria aztertu du Egañak.