Udal ordezkariak Palestinan

Guaixe 2010eko uztailaren 16a

Asteazkenean abiatu eta hilaren 26ra arte egonaldia eginen du Palestinan euskal ordezkaritza batek. Pailazo, idazle eta musikariekin batera Arbizuko Udaleko bi kide ere Palestinara joan dira: Jesus Mari Mendinueta Urdanoz alkatea eta Fran Balda Araña. Guztiak ere Askapenaren elkartasun brigada batekin doaz Palestinara. Herri arabiar horren askapen borroka eta herri mugimenduak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute eginen dituzten hartu-emanetan. Horrekin batera, Euskal Herriaren berri zabalduko dute Palestinan eta handik bueltan esperientzia internazionalistaren berri emanen dute. 2005. urtetik Arbizu Palestinako Marda herriarekin senidetuta dago. Palestinako herritarrak Arbizun izan dira, baita brigadista arbizuarrak Palestinan ere. Udaleko ordezkariak Palestinarako bidaia baliatuko dute Arbizuko eskolako haurrek idatzitako ipuina hango haurrei emateko. Aurreko ikasturtean Arbizuko eskolaren asmoa zen Mardako eskola batekin harremanetan jartzea eta hala zuzeneko hartu-emanaren bidez elkarren berri izatea. Baina Israelek Palestinarrei jarritako blokeoak ezinezko bihurtu zuen asmoa. Arbizuko eskolako ikasleek, hala ere, Maradari buruzko lana egin zuten eta horrek saria ere eman die.