10 urte, 7 kolore, 3 artelan

Guaixe 2010eko azaroaren 30a

Jon Arretxeren 7 kolore liburuak 10 urte bete ditu. Bidaia liburua argitaratzean abentura berria abiatu zen, herriz herri eta urtez urte zabaltzen eta ugaltzen joan zen bidaia. 10 urte geroago, fruitu berria eman du: 7 kolore obra hirukoitza. Bertan, bat egin dute Jon Arretxe idazlearen lanak, Cristina Fernandezen ilustrazioek eta Francisco Ibañezen musikak. Obra berriak kolorerik kolore eta emoziorik emozio eramanen gaitu. Hiru arte lanZazpi atal ditu liburuak: beltza, grisa, horia, gorria, berdea, urdina eta zuria. Narrazioak Jon Arretxek Mendebaldetik Ekialdera, munduan zehar egindako bidaietan ikusitako desberdintasunen isla dira. Istorioak koloreak bezain anitzak dira: tristeak, pozgarriak, beldurgarriak... Pertsonak dira nagusi narrazioetan, hamaika mundutako biztanleak.  Jon Arretxek proposatzen digun bidaian lagun berriak izanen ditugu orain: musika eta ilustrazioak. Kolore, herrialde edo bidaia bakoitzari musika eta ilustrazio batzuk dagozkie. Cristina Fernandezek egin ditu ilustrazioak eta Francisco Ibañezek musika. Liburuko testu eta irudiek eta CDko soprano, tenore eta baxuaren ahotsek eta pianoak bidaia miragarrian murgilduko gaituzte.