Trenbide pasa kenduta, arrisku gutxiago

Guaixe 2010eko abenduaren 15a

Asteartean mustu zituzten Arbizuko trenbide pasa kentzeko egindako lanak. Mustutze ekitaldian Arbizuko alkate Josu Mendinueta eta Fran Balda zinegotzia, Laura Alba Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Elma Saiz Gobernuko ordezkaria eta ADIFeko Jose Parejo izan ziren. Enpresa hori izan da lanez arduratu dena eta aurrekontuko 1.656.185 euroak jarri dituenak. Arbizuko udal ordezkariak pozik zeuden arrisku gune bat kendu zelako. Arbizu eta Aralar mendia lotzen dituen bide horretan jende asko dabilelako. Laura Alba kontseilariak eta Elma Saizek gobernu ordezkariak administrazioen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu zuten. Albak, bestalde, gaineratu zuenez, "interes orokorrari lehentasuna emateari esker, hainbat jardun egin daitezke, hala nola segurtasuna hobetzen inpaktu handia duten jardun txikiak (besteak beste, gaur goizean inauguratu dena) eta garrantzi handiko azpiegiturak, esaterako Nafarroako Abiadura Handiko Korridorea, gure Komunitatearen historian aurrekaririk gabeko inpaktu ekonomiko, sozial eta ingurumen inpaktua duena".Foru Gobernuak Sustapen Ministerioarekin eta Renfe/Adifekin lortutako akordioaren emaitza dela trenbide pasa kentzea ere gogora ekarri zuten.Trenbide pasa kentzeko egindako lanak Udalak hala eskatuta, herritik trenbide pasarainoko bidea asfaltatu da. 715 metro luze eta 5,5 metro zabal da bidea. Zabalera hori apur bat estutu egiten da Arakil ibaia zeharkatzean.Zubitik trenbide azpiko pasara doan bide zatia trenbide eta ubelde artean dago. Bide zati hori babesteko harri-lubeta eraiki da, 1,5 metroko zabalerakoa, urak gora egiten duen aldietarako.Azkenik, Lizarragabengoko Kontzejuaren eskaera kontuan izanik trenbide azpiko pasatik Lizarra-Beasain errepiderainoko bide zatia asfaltatu da. 1.245 metroko luzera eta 3 metroko zabalera du.IzurdiagaSakanan trenbide pasa bakarra gelditzen da kentzeko, Izurdiagakoa. Alba kontseilariak aurreratu zuenez, gaur egun proiektua idazten ari dira. Lanak heldu den urte akaberan edo 2012 hasieran has zitezkeela aurreratu zuen.