Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aizkorazaleek zita garrantzitsua dute igandean Arbizun, Egur Sport enpresak Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa saio polita ekarri baitu Arbizuko kiroldegira. Saioa igande eguerdian hasiko da, 12:30ean. Alde batetik Zilarrezko Txapelketako bi biko ariko dira lanean, tartean aizkolari sakandarrak, eta bestetik Urrezko Txapelketako A multzoko jardunaldia jokatuko da. Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa hiru kategoriatan jokatzen ari da: elite edo urrezko mailan, zilarrezko mailan, eta gaztetxoen mailan. Elite mailan ordezkari sakandar bakarra dugu, Floren Nazabal etxarriarra, Sakanako Aizkora Eskolan ikasi duen Ilarduiako Arkaitz Jauregi gaztearekin bikoa osatu duena. B mailan dabiltza, eta Mujika eta Otaegiren kontra jokatutako jardunaldian gailendu eta gero, bi puntu dituzte. Hurrengo arerioak Arria V.a eta Rekondo izango dituzte, zehaztu gabeko datan. Zilarrezko mailan hiru ordezkari sakandar ditugu. Horietako bik bikotea osatzen dute gainera, Goizeder Beltza etxarriarrak eta Iban Resano dorrobarrak. Horretaz gain, Juanjo Erdozia etxarriarra dabil zilarrezko mailan, Aritz Irazabalekin bikotea osatuta. Eta gaztetxoen mailan ez dago sakandarrik. Beltza-Resanok Erdozia-Irazabal arerioBada, igandean Arbizun antolatutako jaialdian zilarrezko mailako norgehiagoka bat eta urrezko beste bat jokatuko dira. Zilarrezko mailan, gainera, aizkolari sakandarrak ariko dira lehian: Goizeder Beltzak eta Iban Resanok Juanjo Erdozia eta Ugaoko Aritz Irazabal izanen dituzte arerio. Beraz, jakinmina piztu du lehiak, sakandarrak elkarren kontra ariko direlako. Sei lanetan 14 enbor erdibitu beharko dituzte guztira. Bestalde, urrezko mailan A mailako jardunaldia jokatuko da. Jose Mari Olasagastik eta Ruben Saralegik Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa izanen dituzte aurkari. Olasagastik eta Saralegik aurretik galdu egin zuten Arrospide eta Mugerza II.aren kontra, eta horregatik Azurmendi eta Atutxaren kontra irabaztera behartuta daude. Eta azken hauek berdin, txapelketan aukera izan nahi badute. Sei lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa kolpeka moztu; kana erdikoa zutik erdibitu; 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda moztu; 60 ontzako bi enbor zeinek azkarren moztu; eta lan erdira kana erdiko lau enbor eta 60 ontzako bi enbor erdibitu. Gauzak oso estu daude bi kanporaketei begira eta ikusi behar zein bikok lortzen duten puntuak pilatzea.