Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean mustu zuten Alvaro Mundiñano Garziandiaren margolanen erakusketa Arbizuko Karrika tabernan. Etxarriarrak familia, lagun eta arbizuarren babesa izan zuen mustutze ekitaldian. Pintxo eta baso erdien artean, bisitariek Mundiñanoren lana ezagutzeko eta komentatzeko aukera izan zuten. ErakusketaAlvaro Mundiñanok zenbait estilotako 20 bat koadro hautatu ditu erakusketarako. Estilo eta teknika ezberdinetako margolanak dira: esaterako, paisaiak, bodegoiak, erretratuak eta surrealismo kutsuko koadroak. Mundiñanoren margolanetan presentzia esanguratsua du Sakanak: zenbait lanetan ageri dira Beriain mendia eta Sakanako paisaiak. Bodegoiei dagokienez, zenbait irudi erretratu ditu fondo beltzaren gainean: pitxarrak, barazkiak, frutak, kristalezko ontziak, loreak eta abar. Margolan surrealistak dira berezienak. Koadroak elementu ugariz osatuta daude: artista ezagunen margolanen kopiak, erlojuak, egilearen oharrak, loreak, txoriak, erretratuak, Nafarroako kulturaren erreferentziak, lientzoak, apurtutako paperak eta abar. Elementu ezberdinak tartekatuz, Etxarriko margolariak jolas egiten du efektu bisualekin.IbilbideaAlvaro Mundiñano etxarriarrak txikitatik maite izan du marraztea. Geldi-geldi marrazketatik margogintzarako ibilia egin zuen. Gazte garaian Ameriketan izan zen eta zenbait lan egin zituen. Horietako zenbaitek han jarraitzen dute, Mexikon edo Kolonbian, besteak beste. Bizitzaren gorabeherengatik urte batzuetan alde batera utzi behar izan zuen jarduera hau, baina jubilatutakoan gogo biziz ekin zion zaletasunari. Etxarriarraren margolanak zenbait herrialdetan izan dira, esaterako, Euskal Herrian Iruñerrian eta Iparralden, Kolonbian, Mexikon eta Japonian. Sakanan aspaldi egon gabea zen. Arbizuko erakusketarekin gustura, hori aldatzeko prest dago; "beste batean beste koadro batzuk ekarriko ditut" esan zigun etxarriarrak. Bestalde, Arbizuko Karrika tabernaren jabeak ere Mundiñanoren nahiz bestelako erakusketei lekua egiteko prest agertu zen.Alvaro Mundiñanoren margolanak Arbizuko Karrika tabernan egonen dira martxoaren 4ra arte.