Farrak eta beste, bideoz Palestinara

Guaixe 2011ko martxoaren 8a

Ostiralean goiz-pasa ederraz gozatu zuten Arbizun. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak bisitan izan ziren eta. Palestinaren egoeraren berri ematen duen bideo bat prestatzen ari da pailazo hirukotea eta lan horri "ginda" jartzeko irudiak hartzera etorri ziren Arbizura. Jakin baitakite, Marda herri palestinarrarekin senidetuta dagoela Arbizu. Ihoteak zirela eta, eskola eta ikastolako haurrak, batzuk  Euskal Herriko ihote jantziekin eta, besteak, arabiarrez jantzi ziren. Arabiarren ohiturari segituz, tea, ogia eta haimak egin zituzten. Hamaiketakoaz gozatu zuten eta euriari aurre eginez, haien alaitasuna herrian barna zabaldu zuten. Kalejiran aritu ziren ikasle-irakasleak, pailazoak eta hainbat guraso ere. Haiekin batera, joaldunak, trikitilaria eta txistulariak izan ziren. San Joan ermitan bi herrien senidetzearen ikur den olibondoaren ondoan bildu ziren denak. Palestinako haurrei bidaltzeko marrazkiak egin zituzten eta guztiek haiei eskainitako kantua abestu zuten: Maite zaitut. ZergatiaIazko udan Bilaldi Hadi brigada kulturala joan Euskal Herritik Palestinara. Idazle, pailazo, kantari, bertsolariak eta Arbizuko udal ordezkariak osatu brigada. Josu Mendinueta eta Fran Balda alkate eta zinegotziak Mardarekin senidetza estutzeko baliatu zuten bidaia. Haiekin batera joan zen Porrotx pailazoa ere. Berak palestinarrak ere dantzan jartzeko gaitasuna duela erakutsi zuen. Jose Mari Agirretxek, Porrotxek, Beleixe Irratian (FM 107,3) hala jakinarazi zuen.GertutikJose Mari Agirretxe, Porrotx pailazoaZer moduz Arbizun?Oso goiz ederra, hunkigarria pasa dugu. Grabatutako irudiekin zer eginen duzue?Palestinaren egoeraren zertan den pixka bat azalduko duen dokumental bat eginen dugu. Han egon ginen eta haien egoeraren berri emateko mandatua ekarri genuen. Nola bizi den herri okupatu bat; nola bizi den herri bat suntsituta; ekonomikoki, politikoki, gizarte arloan, kulturalki nola dauden; nola egiten duen Israelek hori mendebaldearen konplizitatearekin... horiek erakutsiko ditugu.Udan grabatu genituen irudiak erabiliko ditugu. Ostiraleko irudiak dokumentalaren zatitxo bat izanen da, ginda. Arbizun grabatutakoaren aurrerapena www.irrienlagunak.com web gunean egonen da. Bueltatuko zara Palestinara?Ez dakit, nahiko nuke. Bihotzaren puska bat han daukat. Egunero ahalegintzen gara guretik ematen. Hemen ere lan asko daukagu. Nik uste munduari kolorea emanez bertatik hasi behar dugula. Kurdistanera joateko gonbitea dugu. Aste Santuan Etiopiara goaz. Besteekin egoteak ere asko laguntzen digu guri. Besteengandik jaso, guretik eman... Gu ez gara isolatuta bizi Guk gurea nahi dugu indartsu, alai eta askatasunean. Euskal Herria eta Euskal Irria. Biak. Guretako bezala, Palestinarendako eta munduko herri guztiendako. Mundua ere irriz bete nahi dugu. Etorkizuna txikiena izanen da. Aurrera begira, baikortasunez eta pozik.Eta Arbizura bueltatuko zara?Dudarik gabe. Eskerrik asko Arbizuko laguntxo txiki eta handiei, sekulako lana egin dutelako.