Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizuko Karrika tabernan Isiltasunaren ahotsa entzungo da bihartik aurrera. Argiñe Berastegi Lizarragaren margolanen ahotsa da. Arbizuko margolari gazteak tabernako hormetan eskegi ditu bere azken margolanak. Mihise gaineko 23 bat koadrok osatzen dute margo erakusketa. Gehienak ikatz-ziri edota akrilikoz eginak dira, batzuk txuri-beltzak eta beste batzuk koloretakoak. Margolanetan naturako irudiak eta paisaiak nagusitzen dira, "baita abstraktuetan ere, koloreek natura ekartzen baitute burura" azaldu digu margolariak. Hortik dator erakusketaren izenburua, Isiltasunaren ahotsa, "margolanek naturaren aldeko mezu isila zabaltzen baitute". Bihar, 20:00etan mustuko dute margo erakusketa Arbizuko Karrika tabernan. Bertan egonen da maiatzaren erdialdera arte.IbilbideaArgiñe Berastegi Lizarraga arbizuarrak duela bi urte amaitu zituen Arte Ederrak ikasketak. Gaur egun, lan munduan murgilduta, arteari lotuta jarraitzen du. Margo ikastaroak ematen ditu Iruñeko akademia batean eta eskolaz kanpokoak Etxarrin eta Berriozarren. Batetik besterako bidean, margolanak egiteko "nahi baino denbora gutxiago du", baina ez du alde batera utzi margogintza. Azken aldian egindako margolanak Arbizuko Karrika tabernan eskegi ditu. Margolari gazteak azaldu digunez, "ez da erraza galerietan lekua egitea". "Gazteek erakusketak egiteko zailtasunak ditugu" dio arbizuarrak. Bere ibilbidean, zenbait erakusketetan parte hartu du. Gogoan du duela urte batzuk Arbizuko udaletxeko ganbaran egindako festetako erakusketa. Orain, herritarrei bere lana erakusteko aukera berria izan du. "Karrika tabernak aukera polita eskaini digu" azaldu digu. "Orokorrean Sakanan ez dago erakusketa geletara joateko ohiturarik; herritarrek tabernan bertan aurkituko dituzte margolanak" dio. Karrika erakusleihoEz da Karrika tabernak hartu duen lehen erakusketa. Urteko lehen hilabeteetan Arbizuko tabernan ikusgai egon dira Alvaro Mundiñano etxarriarraren margolanak. Tabernako jabe Katrin Gineak esan digunez, "erakusketak bisita asko izan ditu eta zenbait koadro saldu dira". Lagungarri izanen du erakusketa berrietan parte hartzeko. Antza, Mundiñanok oraingoan Errusiara joateko asmoa du. Mustutze-ekitaldiaBihar, larunbatean, 20:00etan, Arbizuko Karrika tabernan.