Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jendetza bildu zen Sakana 4x4 topaketaz gozatzera. Ibilgailuek sekulako erakustaldia eskaini zuten eta antolatzaile eta ikusleek balorazio oso ona egin duteSakana 4x4 topaketak beti biltzen du jendea, baina aurten, akaso, are gehiago hurbildu zen. "Larunbatean hasieran lasai etorri zen jendea, tamainan, baina bat-batean jende asko gerturatu zen, eta kolpean. Arbizuko industrialdeko aparkaleku guztiak bete ziren eta jendeak Etxarri aldera eta Arbizu aldera aparkatu behar izan zuen. Sarrerekin batera urdaiazpikoa eta gazta zozketatzeko zenbakiak banatzen genituen eta 3.000 txartela horiek bukatu zitzaizkigun, eta oraindik jende gehiago etorri zen. Tramu batzuetan ezin ziren ezta kotxeak ikusi ere, zegoen jendetzarekin. Ikaragarria izan zen. Jarri genuen tabernan ere 5.000 garagardo latetatik gaueko 9:00etan soilik 800 lata gelditzen zitzaizkigun. Ikusgarria izan zen" dio Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntza antolatzaileak. Berak kalkulatzen du larunbata eta igandean kontuan hartuta 4.500-5.000 pertsona hurbilduko zirela Arbizura. "Larunbata egun potenteena da, baina gaueko proban ere jende pila izan zen. Eta igandean ere jendea itxuran hurbildu zen" nabarmendu du arbizuarrak. Jende asko ingurukoa zen, sakandarra, Leitza ingurukoa, Baztangoa... baina gipuzkoar pila hurbildu zirela azpimarratu dute antolakuntzatik. Oso pozikSakana 4x4 topaketak izandako erantzunarekin, hortaz, kontentu daude antolatzaileak. "50 ibilgailuren parte-hartzetik hasita. Krisia dela, 35 kotxe inguru espero genituen, baina genituen 50 tokiak bete ziren eta beste 7 ibilgailu zeuden erreserban, norbaitek huts egiten bazuen. Esaten den bezala pleno al 15 izan da, guk espero baino askoz hobe, bai parte-hartzaileen aldetik, baita ikusleen aldetik eta baita autoek emandako ikuskizunagatik ere" azpimarratu du Sakana 4x4 topaketako arimetako bat den Jose Luis Lakuntzak. Giro ona izan zen, eta ikuskizuna ere, primerakoa. Eguraldia lagun, lohia soilik behar zen lekuan zegoen, eta, hortaz, apenas zikindu gabe edozein tokitan kokatu ahal izan ziren ikusleak. Larunbatean Bilboko enpresa batek boogie bat ekarri zuen eta ikusleek bertara igotzeko aukera izan zuten, zaleek eskertu zutena. Probak eman zuenaParte-hartzaileek zuloz, aldapaz, uraz eta lohiaz betetako zortzi gune norabide batetik bestera gainditu behar izan zituzten larunbatean, eta igandean, aldiz, kontrako norabidean pasa behar izan ziren. Aurreikusi moduan, lehia oso estua izan zen, urtetik urtera maila gehiago dutelako ibilgailuek eta pilotuek, eta, Jose Luisek esan zigun bezala, "sekulako katxarroak" daudelako. Burgosko Aitor Llarena izan zen txapelduna. Soilik sakandar batek parte hartu zuen, Iñigo Lizarraga dorrobarrak. Gurpil berezi eta handiak jarri zizkion ibilgailuari eta ikuskizun polita eman zuen. Tamalez, matxura izan zuen eta ezin izan zuen proba bukatu. Hala ere, sari berezia jaso zuen parte-hartzaile sakandar bakarra izateagatik. Gaueko proban ibilgailuek lan asko izan zuten lokatza eta urarekin. Aritu ziren 23 ibilgailuetatik soilik hiru autok lortu zuten proba bukatzea. Eta onena Iñaki Lanzagorta gernikarra izan zen. Aldiz, aipatu beharra dago bertan behera gelditu zela nobedade moduan iganderako antolatutako winch proba. "Aritu behar ziren 6 kotxeetatik topaketetan aberiak izan zituztelako soilik bi geratu ziren lehiatzeko moduan, eta aurrera egitea ez zitzaigun iruditu. Ekainaren 26an Arbizuko festetan egingo dugun erakustaldirako atzeratu dugu" azaldu du Jose Luis Lakuntzak. Aipatzekoa da ekainaren 26ko 4x4 topaketa hori Euskal Herri mailako amateur txapelketa izango dela. Sakana 4x4 topaketako sailkapena1.Aitor Llarena (Burgos)2.Iñaki Lanzagorta (Gernika)3.Ruben Aldibar (Bilbo)4.Andoni Zubeldia (Gipuzkoa)5.Francisco Herrera (Santander)Gaueko proba1.Iñaki Lanzagorta (Gernika)2. Aitor Llarena (Burgos)3. Andoni Zubeldia (Gipuzkoa)