Sakanako aizkolariek Arbizuko udalaren laguntzaz antolatuta, igandean 12:00etan eta Arbizuko kiroldegian 36 aizkolari eta 6 harri jasotzaile ariko dira lanean Axioren omenezJaiotzez arbizuarra den baina aspaldi Ziordian bizi den Jose Ignazio "Axio" Floresen alde omenaldia antolatu dute igandean Arbizun. "Sakanako aizkolariak, Floren Nazabal buru zela, Axiori omenaldia egiteko proposamenarekin etorri zitzaizkigun eta baiezkoa emateko ez genuen zalantzarik izan, Axiok hori eta gehiago merezi duelako" adierazi du Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak.Izan ere, 56 urteko arbizuarra 18 urterekin hasi zen herri kiroletan murgiltzen. Bereziki aizkora maite du, eta hemendik hara aritu izan da aizkora jaialdietan parte hartuz eta haien antolaketan laguntzen. Horretaz gain, Sakanako Aizkora Eskolan parte hartu izan du monitore moduan, eta beti dago prest edozein ekitaldi antolatzeko eta laguntza emateko. "Aizkora bere ordurik baxuenean zegoenean aizkora errekuperatzeko lana egin zuen, gazteei erakutsiz" nabarmendu du alkateak. Egun gaitz bati aurre egiten buru-belarri dabil aizkolari arbizuarra.36 aizkolari, 6 harri jasotzaile eta ETBErein duenak jasotzen duelako, Sakanako aizkolari guztiek bere aldeko omenaldi bat antolatu dute igandean, 12:00etan, Arbizuko kiroldegian. 36 aizkolari ariko dira lanean, Floren Nazabal txapeldun etxarriar handia buru dela, eta, jakina, egun plazarik plaza dabiltzan aizkolari sakandar guztiak bertan izango dira. Axiok Sakanako aizkora eskolatik lan handia egin du aizkolari horiek aurrera egin dezaten, eta, hortaz, berarendako pozgarria izango da lortu duten maila zuzenean ikustea. Horretaz gain sei harri jasotzaile ariko dira lanean, Sakanako Harri Jasotze eskolakoak tartean. ETBko kamarak jaialdira hurbilduko dira.Zalantzarik gabe, ekitaldi beroena Jose Ignazio Floresi eginen dioten omenaldia izango da. Arbizuko udalak txapela oparituko dio, aizkolariek oparia, eta lore sorta eta sorpresendako tokia ere egonen da.Bazkari erraldoiaOmenaldia bukatu eta gero, kiroldegian bertan bazkari herrikoia antolatu da. Urdiain eta Olaztiko sukaldari batzuk omenaldian parte hartu nahi izan dute eta eurek prestatuko dute menua: marisko paella eta oilasko errea. Txartelak Karrika tabernan, Arrautseko tabernan, Kiroldegiko tabernan eta Baxerri erretegian daude salgai, 15 eurotan. Telefono bidez ere egin daiteke erreserba, 948 462 137 telefonora hots eginez. Momentuz 180 lagun pasa daude izena emanda, eta, hortaz, giro beroa izanen da. Sakandarrei ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatu die Arbizuko udalak.