TELP tailerra antolatu du Arbizuko Udalak

Guaixe 2011ko apirilaren 19a

Taller d’espai Lingüistic Personal edo TELP. Ferran Suay i Lermak eta Gemma Sangines psikologoak sortu zuten. Azken hori izanen da Arbizuko Udalak antolatutako tailerra emanen duena. Hizkuntza-mendekotasuna edo sumisioa aztertu izan dute eta tailerraren helburua da hizkuntzaren inguruko egoera deserosoak arintzea eta desagerraraztea; eta hizkuntza-jokabide asertiboari esker gusturago egotea. Tailerrak proposamena egiten du, euskararen hiztunek euren hizkuntza erabiliz eroso eta gustura jarduteko, eta, beste hizkuntzetako hiztunen aurrean, edozein egoeratan ondo nola bideratu erakusteko. Euskalgintzako kideek, irakasleek, gurasoek, aisialdiko begiraleek... hizkuntza-kontzientzia eta interesa daukan guztiak parte har dezake. Maiatzaren 13an eta 14an izanen da, Arbizuko Olatzea hoteleko batzar gelan. Izen-ematea maiatzaren 5ean, 6an eta 9an izanen da. Arbizuko udaletxean edo idazkaritza@arbizu.info helbidean egin daiteke. Matrikulak 20 euro balio du eta Nafarroako Kutxan zabali dagoen kontu korrontean sartu behar da, TELP eta izen-abizenak gehituz. Argibideak behar dituenak Euskara Zerbitzura jo dezake, 948 464 840 telefonoan edo euskara2@sakana-mank.com helbidean.