Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Ignazio Flores "Axio" aizkolariak merezitako omenaldia jaso zuen igandean Arbizun. Jaiotzez arbizuarra, Ziordira ezkondu zen eta bi herrietan saltsa askotako perrexila da. Eskatzen zaionean emateko prest egoten da beti Axio, bere laguntza eskainiz, eta oraingoan berari esker ona adierazi nahi izan diete hurbilekoek. "Sakanako aizkolariak, Floren Nazabal buru zela, Axiori omenaldia egiteko proposamenarekin etorri zitzaizkigunean baiezkoa emateko ez genuen zalantzarik izan, Axiok hori eta gehiago merezi duelako" adierazi zuen Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak omenaldiaren aurkezpenean.Herri kiroletan hasi zen gazte zela, eta nahiz eta herri kirol askotan aritu, aizkora du kuttunena. Makina bat jaialditan aritu da eta aizkora txapelketan ere aritu izan da, bigarren mailakoan. Bihotz onekoa, lagunak ditu txoko guztietan. Aizkora berreskuratzeko lan izugarria egin du eta gazte asko aizkoran murgiltzen lagundu ditu. Tartean, Sakanako Aizkora Eskola sortzeko lan asko egin zuen, Nazabal aita-semearekin batera, eta bertan monitore aritu izan da. Egun gaitz bati aurre egiten buru-belarri dabil.Arbizuko kiroldegiko harmailak eta kantxa bera lepo bete ziren igandeko omenaldirako. ETBko kamarek grabatu zutenez, ordu bateko muga jarri zioten ekitaldiari. Lehenik eta behin 30 aizkolari aritu ziren lanean, Floren Nazabal tartean. "Sakanako aizkolariez gain, gertukoenek eta puntakoenek ere egon nahi izan dute, eta soilik hogeita hamarrendako tokia zegoenez Axiorekin aritu izan direnen alde egin da. Tamalez, batzuk aritu ezinik gelditu dira. Horretaz gain, 7 harri jasotzaile ere izan ditugu. Axio pozik gelditu da guztiarekin, eta gu ere bai" nabarmendu zuen Floren Nazabalek. Segidan, omenaldiaren tartea heldu zen. Omenaldi polita izan zen, oso naturala, sentitutakoa, eta hunkigarria. Arbizuko Udalak txapela eta barkilloa eskaini zizkion Axiori, Sakanako aizkolariek aizkolari baten taila, Sakanako Sokatira Taldeak tiralari batzuen figuratxoak, Zurgai Herri Kirol Taldeak argazki erraldoia, Gipuzkoako harri jasotzaileek beste txapela bat, "Gizontasunean txapeldun" zioena, Sakanako Mankomunitateak argazki polita, Nafarroako Herri Kirol Federazioak ere ekitaldian egon nahi izan zuen, eta horretaz gain, plakak eta beste hamaika oroigarri eman zizkioten Axiori. Jakina, Axioren senitarteendako ere ez zen lore sortarik falta izan. Bere emaztea eta hiru seme-alabak izan ziren ekitaldian."Lanari beldurrik ez dion gizona da Axio. Herri kiroletan egin duen lanaz gain, Nafarroa Oinezen egindakoa eta beste hamaika ekitalditakoa gehitu behar da. Harakin izanik, Txistorra Egunean eta haragia prestatu behar zenetan ez zuen huts egiten. Gazte Asanbladekin aritu izan da, zinegotzi izan da... eta aizkolari moduan Euskal Herrian barna ibiltzeaz gain, Argentinan eta Idahon egon da, besteak beste" nabarmendu zuten Arbizuko Udalekoek. "Zu behar izan zaitugunean hor egon zara eta orain, gu ere bai" azpimarratu zuten, bestalde, harri jasotzaile gipuzkoarrek. Hunkituta eta eskertutaJose Ignazio Flores guztiz hunkituta eta eskertuta agertu zen jasotako omenaldiagatik. "Azken aizkora apustua Ziordiko festetan jokatu nuen. Zerbait nuela antzeman nuen, ezker aldean apenas indarrik ez bainuen. Eta ordutik gaitzari aurre egiten ari naiz" azaldu zuen. Harmailan eta kantxan zegoen jendetzarengatik "hunkituta" azaldu zen arbizuarra, eta jendeak "animu asko" eman dizkiola eskertu zuen. "Gauza handia izan da hau. Nahiz eta animuz nahiko ondo egon, babes honek morala gehiago igotzen dizu" gaineratu zuen. Hala ere, Axiok argi du ez da geldirik geratuko. "Herri kirolekin lotuta segituko dut. Ikusita gazterik ez zetorrela, eta Mankomunitatearen laguntzarekin, Sakanako Aizkora Eskola sortu genuen eta oso kontentu gaude, gazte asko pasatzen baitira bertatik. Lehen prestatzaile ere aritzen nintzen, eta orain aizkora erakusten aritu beharko naiz. Ahal dudan arte hor ibiliko naiz, eta ahal dudan guztietan laguntzen jarraituko dut" azpimarratu zuen.500 pertsona bazkarianAxioren omenaldiak izan zuen arrakastaren isla, omenaldiaren ondoren 500 pertsona inguru bildu ziren bazkaltzera. Bazkaria Urdiaingo eta Olaztiko boluntario talde batek prestatu zuen, Axioren omenaldian parte hartu nahi izan zutenak. Marisko paella eta oilasko ederra dastatu zuten. Giroa primerakoa izan zen. Bestalde, aipatzekoa da ETBk igande arratsaldean eman zituela omenaldiko irudiak.Parte hartzaileakAizkora lanetan: Gazte eta beteranoak: Arkaitz Jauregi, Eloy Kortxero, Katxo, Goizeder, Kintana, Gorriti, Xabier Dorronsoro, Aitor Urteaga, Amillano, Iñaki Vazquez, Txikon, Manolo, Biurri, Zelai, Resano, Jon Perez, Rodriguez I, Rodriguez II, Julen, Peio Kañamares, Esnaola, Agite eta Erdozia aita-semeak. Erdozia aita-semea nagusitu ziren. Helduetan: Azurmendi, Atutxa, Donato Larretxea, Nazabal, Lopez Azpilikueta eta Zibiaga. Nazabal nagusitu zen.Harri jasotzaileak: Goenatxo, Landarbide, Tigre, Atxa, Urrutia, Goenatxo III eta Elosukorta. Goenatxo nagusitu zen.