Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean amaitu zuten Baztan pelikularen filmaketa. Iñaki Elizalde iruindarraren lehen film luzea da. Filmaren lan talde teknikoan sakandar bat aritu da, Katrin Ginea. Arbizuarrak produkzio lanak egin ditu. Ez da arbizuarrak egiten duen lehen produkzio lana, esaterako, Alejandro Gonzalez Iñarrituren Biutiful filmean eta Boliwoodeko film batean eta Patxi Basaberen El excesivo consumo de estrógenos de Ludovico Graham film laburrean parte hartu du. Aipatutako film luzeetan ekarpen puntualak egin ditu, oraingoan, berriz, lan talde teknikoan zegoen. Katrin Gineak Iruñean egin zituen errealizazio ikasketak eta orduan ezagutu zuen Mikel Pruaño Lazo Films ekoizlearen eskutik iritsi zaio filmean lan egiteko gonbidapena. Arbizuarra eskertuta dago, "asko ikasi dut eta oso esperientzia ona izan da" azaldu digu. EromenaBaztan filma bi txandetan grabatu dute. Iazko otsailean eta martxoan filmatu zen lehen zatia, XVII. mendean kokatzen dena. Diru-iturri faltagatik filmaketa eten egin zuten, baina lana ez zen alferrikakoa izan, emaitza ikusita egitasmoarekin bat egin baitzuten Mikel eta Javier Pruañoren Lazo Films eta Joseba Garmendiaren Orreaga Filmak produktoreek. Haien inplikazioari esker filmatu dute bigarren zatia, gaur egungo Baztan irudikatzen duena. Hor sartu da lanean Katrin Ginea arbizuarra. Lau asteko errodajea egin dute ekainean. Arbizuko festak zirela eta, azken astean jai hartu du Katrin Gineak, baina produkzio lanak aurreratzeko, aktoreak baino bi aste lehenago hasi zen lanean. "Eromena izan da" hasi da arbizuarra, "Baztango egun arrunt bat irudikatu behar genuen. Egunero eszena ezberdin asko zeuden eta horrek asko handitu du produkzio lana: aldiro karpak muntatu, makillajea, bazkaria eta guztia lotu behar..." azaldu digu. Baina egindako lanarekin gustura geratu dela gaineratzen du.Kaleko aktoreakBaztan bailara zine-plato bilakatu da ekainean. Aktore ezagunak dira filmeko protagonista nagusiak, besteak beste, Carmelo Gomez, Unax Ugalde, Kandido Uranga eta Joseba Apaolaza. Baina Baztan filmeko aktore talde nagusia bertako biztanleek osatzen dute, "tabernariak bera lana egin du, okinak okin lana egin eta abar" dio Katrinek. "Herriko aktoreak izateak errodajea luzatu du, baina produktoreen lana gutxitu du. Aktore profesionalekin batetik bestera ibili behar izaten dugu eta bertakoekin, berriz, nahiko zen hitzordua jartzearekin" azaldu digu Katrin Gineak. Herritarren parte hartzearen alderdi onena, haien naturaltasuna eta filmari eman dioten freskotasuna eta aberastasuna izan da. "Denendako esperientzia aberasgarria izan da" onartu du Katrin Gineak. FilmaIñaki Elizalderen lehen film luzea da Baztan. Nafarroako iparraldeko bailaran agoteek bizi zuten diskriminazio egoera islatzen du. Filma Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban grabatu dute. Filmaketa lanen ondoren, muntaketa etorriko da. Baztan 2012ko Berlingo Jaialdian mustutzea espero dute. Ondoren, udaberrian, zine aretoetara iritsiko da.