Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean zabaldu zituen ateak Arbizuko eko kanpinak. Bioeraikuntza irizpideekin eraiki da kanpina eta energia berriztagarriak baliatzeko asmoa du. Jesus Maria Reparaz Araña eta Lucas Petriati Ijurra arbizuarrak, eta Aitor Karasatorre Muguruza eta Imanol Erauskin Huitzi etxarriarrak dira Arbizuko kanpinaren egitasmoaren sustatzaile, eta Beriain Azpia SL enpresan bilduak daudenak. Urte bateko lanen ondoren, kanpinaren lehen fasea despeditu da. Kanpindenda eta autokarabanendako 72 partzela eskaintzen ditu Arbizuko eko kanpinak. Haietako 22k 150 m2ko azalera dute. Gainontzekoak, berriz, 70 m2. Denek argindar, ura eta gas hartunea dute. Partzela horietan guztietan 288 pertsona sartzen dira. Horretaz gain etxetxo bioklimatikoak daude, 18 guztira. Bakoitzeak 6 pertsona har ditzake. Guztira, beraz, 108 pertsona sartzen dira. KrisiaAitor Karasatorrek esan digunez, lehen fasea despedituta, pixkanaka jarraituko dutela eraikitzen. Krisiari egokitzeko estrategia hori hartu du Beriain Azpia SL enpresak. Horren jakitun zen Nafarroako Gobernuak eta horregatik 552 pertsona hartzeko baimena eman dio eko kanpinari. Lanak guztiz despeditzen direnean(eraikin nagusia, bungalowak, aterpea eta motela), mila pertsona hartzeko gaitasuna izanen du.Krisiak beste eragin bat ere izan du. Karasatorrek esan digu lanak hasi aurretik 160 informazio eskaera jaso zituzten. Baina haietako asko ez dira gauzatu. Dagoeneko jende fidela badutela ere aitortu digu. Alokairu eskaintza ugari dituzte jendearen eskaeretara egokitzeko EraikinakKanpinak dituen eraikin guztiak zurezkoak dira eta hegoaldera begira daude. Isolamendua kotoi berziklatuz egina dago. Portxea dute eta eguzki plakak jartzeko aukera dute. Arbizuko kanpineko bereizgarrietako bat da eraikin nagusi guztiak agotzez eginak direla. Bestalde, kanpineko eraikin guztiak biomasa erabiltzen duen galdara baten bidez berotzen dira. Galdarak erregai gisa oliba hezurrak erabiltzen ditu. Jaso den eraikin horietako batean taberna eta jatetxea egokitu dituzte. Azken horrek gaur egun 20 pertsonendako tokia eskaintzen du. Baina prestatu duten estalpedun terrazarekin 100 pertsona arte ere hartu ditzakete. Bestalde, supermerkatu ekologikoa dago harrerako eraikinean. IgerilekuaEko kanpinekoa igerileku naturalizatuta da. Urmael baten modukoa da, landare eta animaliekin. Karasatorrek azaldu digunez, "halako igerilekuak oso ohikoak dira Europan, baina hemen ez dago araudirik". Horregatik, igerilekua legeztatzeko lanean ari dira gaur egun.PrestakuntzaKarasatorrek esan digunez, haiena kanpina baino gehiago izan nahi du. Prestakuntza ere eskaini nahi dute kanpinean. Orain arte bi ikastaro eman dituztela azaldu digu Karasatorrek. Aurrena labe finlandiaren berri emateko izan zen. Bigarrena baratze ekologikoei buruzkoa izan zen. Irailerako beste ikastaro bat prest dute eta hartan Europako zenbait estatuetako 18 pertsonek izena eman dute. Karasatorrek zehaztu digunez, negu partean eskainiko dituzte ikastaro gehienak. Datua 4.000 zuhaitz landatu dituzte eko kanpinean