Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako 46. Herrien Arteko Txapelketako bigarren mailako txapelduna dugu Arbizuko Aldabide taldea. Larunbatean jokatu zuen finala, Labriten, Lodosaren kontra. Nafarroako Pilota Federazioak aurten lehen aldiz antolatu zuen bigarren mailako txapelketa, pilota klub gehiagori aukera eman nahian, eta arrakasta handia izan du. Lehenengo txapelduna Arbizuko Aldabide izan da.Final giro bikaina bizi izan zen larunbatean Labriten. 150 pilotazale inguru bildu ziren Arbizu eta Lodosa animatzeko asmoz. Finala lehiatua izan zen eta senior mailara arte ez zen erabaki. Bukaeran, Arbizuko taldea kimuen mailan (18-1), gazteen mailan (22-21) eta helduen mailan (22-14) nagusitu zen. Aldiz, soilik haurren mailan gailendu ziren Lodosakoak (11-18).Lino Arruti eta Jose Mari Berastegi izan ziren Arbizuko Aldabideko entrenatzaileak. Linok adierazi digunez, bukaerara arte ez zen argitu txapelketa. "Urduri egon ginen bukaerara arte, nahasi samarra izan zen dena. Kimuetan guk irabazi genuen baina haurren mailan Lodosak. Gazteen mailan tanto eskas batengatik irabazi genuen, eta helduetan, aldiz, guztia erabaki zen. Oso pozik gaude".Larunbatean bertan ospatu zuten garaipena Aldabidekoek, afari ederra prestatu zuten izen berbera duen elkartean. "Pilotari, guraso eta taldekoen artean 50 inguru bildu ginen, eta gustura aritu ginen" dio Linok. Txapela jasotzeaz gain, Labriten final bat jokatzearen saria izan zen, akaso, pilotariek gehien baloratu zutena. "Labriteko aldageletan egon, han ibili, profesionalak bezala, Labriten jolastu... handia izan zen pilotariendako" nabarmendu du Linok. Ea horrelako beste final gehiago heltzen diren. Joseba Ezkurdia Iruñarekin eta Adur Lasa DonezteberekinTxapelketako lehen mailan, maila nagusian, Doneztebeko Errekak 3-1 hartu zuen menpean Iruñeko Oberena, lehen aldiz Herrien Arteko txapela jantziz. Aipatzekoa da bi taldeetan sakandarrak aritu zirela. Hain zuzen ere, Adur Lasa etxarriarra Doneztebe taldearekin lehiatu zen, gazteen mailan, eta Joseba Ezkurdia arbizuarra Iruñearekin, helduen mailan. Aipatzekoa da Ezkurdia ostiralean lau eta erdiko ETB Kantxa Torneoa irabaztetik zetorrela. Biek, gainera, euren partidak irabazi zituzten. Gazteen maila, Iruñeko Idoate eta Larraiari 13-22 irabazi zieten Doneztebeko Maiak eta Lasak, eta seniorren mailan Iruñeko Ezkurdia eta Okiñena 22-19 nagusitu zitzaien Doneztebeko Oronoz eta Madariagari.Arbizu-Lodosa finalaKimuak: Iosu Oletxea-Urtzi Nazabal (Arbizu) 18 - Asier Moreno-Ivan Martinez (Lodosa) 1Haurrak: Mikel Galartza-Iñaki Gurutxarri (Arbizu) 11 - Ruben Abascal-Unai Martinez (Lodosa) 18Gazteak: Koldo Murgiondo-Joanes Mendinueta (Arbizu) 22 - Carlos Lumbreras-Mikel Zubero (Lodosa) 21Helduak: Mattin Ezkurdia-Arkaitz Arruti (Arbizu) 22 - Txelis-Jose Antonio Martinez (Lodosa) 14