Sakandarren countrya Arbizun

Guaixe 2011ko uztailaren 29a

Garilaren 29an, ostiralean, 23:00etan, Arbizuko Izar Ondo jatetxeko terrazanArbizuko Izar Ondo ostatuak Texasko tabernaren itxura hartuko gaur gauean. Sakanako Silver Dollar Band taldeak mendebalde urruneko doinuak ekarriko ditu. Countrya eta hegoaldeko rocka jaun eta jabe izanen dira zuzeneko kontzertuan. Emanaldia Izar Ondo ostatuko terrazan izanen da, aparkalekuaren ondoan. Entzuleak musika gauaz gozatzeko eta eroso egoteko mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte.Kontzertuarekin udako festa denboraldia mustuko dute. Rocketik countryraIbai Hernaiz, Ismael Jimenez Kata, Rikardo Areta eta Longi Anduezak musika ibilbide luzea dute. Haien bideak La Banda del Jefe Bigun rock and roll taldean gurutzatu ziren. Joan zen urtean talde berria jarri zuten martxan, Silver Dollar Band. "Musikari ia berak izan arren, estilo eta izaera berria dugunez, taldeari beste izen bat eman diogu" dio Hernaizek. Taldearekin bat egin du Arbizun bizi den Fernando Nuñez lezaundarrak. Sakanako La Banda del Jefe Bigun taldeak aldi baterako albo batera utzi du rock and rolla. "Diskoa grabatzeko lan handia egin genuen eta aseta geratu ginen" azaldu digu Ibai Hernaizek. Musikariek Texas aldera jo zuten haize berrien bila. Bertan edandakoa Sakanara ekartzea erabaki zuten. Boskotea buru-belarri murgildu zen countryan eta hegoaldeko rockean. "Aldaketa ez da erraza izan, estiloak eta jotzeko modua guztiz ezberdina baita" jakinarazi du Ibai Hernaizek. "Musikarekiko pasioa dugu, eta, horregatik, gustura elkartzen gara entseatzera" diote. Egindako lanak fruitua eman du eta dagoeneko country melodia ezagunen errepertorio zabala dute. "Uste baino abesti ezagun gehiago daude" argitu dute. Haiek entzuteko aukera dugu gaur gauean. Sorrera Ibai Hernaiz, Ismael Jimenez Kata, eta Rikardo Areta Texasko Austin eta San Antoniora (AEB) joan ziren duela urte eta erdi. Ingurua ezagutzeaz gain, gitarraren bat erosteko asmoa zuten. Ez zuten itzuli nahi izan hango lokal batean jo gabe, "Errioxara joan eta ardorik edan gabe itzultzea bezala da" diote. San Antonioko bideberriko taberna batean eta Banderan, "cowboyen hirian", bertako bandekin batera jotzeko aukera izan zuten. "Berehala moldatu ginen haien estilora eta zenbait bertsio jo genituen. Elkarlana polita izan zen" diote. Texasen countrya eta gitarra "erlijioaren pare" bizi zutela ikusi zuten. Countryarekiko maitasunak kutsatuta itzuli ziren Sakanara.