Haur eskola, kattuka

Guaixe 2011ko irailaren 13a

Lakuntzako eta Arbizuko Udalek zerbitzu berria eskaini dute ikasturte hasierarekin batera: 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako eskola. "Ziklo osoa eskaintzen duen ibarreko lehen zentro publikoa da", zehaztu du Eider Gardek, Kattuka haur eskolako arduradunetako batek Beleixe Irratian (FM 107,3). Gardek gaineratu duenez, "zoriontzekoa da, Sakanan eskaintza handirik ez dagoelako". Familiarteko mustutzea egin dute, baina udalak mustutze ofiziala egitekoak dira eta jendeak orduan haur eskola ezagutzeko aukera izanen du. Gardek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, Kattukan gaur egun 36 haur daude. Gehienak lakuntzarrak eta arbizuarrak badira ere, baita irintarrak eta etxarriarrak ere. Plaza gutxi batzuk libre daudela jakinarazi du Gardek. Baita ere Lakuntzan aurreikusita zeuden matrikula batzuk ere atzera egin dutela. Aurreko ikasturtean Lakuntzako udaletxean guraso batzuek eskaintza egin zuten, baina haur eskola zabaldu denez, hura despeditu da eta antza familia batzuk ez dute haur eskolan matrikulatu nahi izan. EskaintzaHaur eskola 7:30etik 16:30era dago zabalik. Udalak 4 edo 7 orduko eskaintza egin zuen eta ordutegi horren barruan moldatzen dira familiak. Bi eskaintzek pareko harrera izan dute. 36 haurrak hiru gelatan banatuta dituzte: titikoen gela, ibiltariena eta nagusiena. Haietaz guztiez lau tutore arduratzen dira. Horretaz gain, zuzendaria eta zerbitzu anitzetan aritzen diren bi langile ere daude. Lehen bi asteko martxarekin oso pozik daudela adierazi du Gardek Beleixe Irratian. Egokitze prozesua oso ongi ari da garatzen. Familiak ere badirudi pozik daudela. "Gure aldetik kriston ilusioarekin eta gogoz" dio. EgunerokotasunaHaurrak aste honetan dagoeneko hiru orduz egon dira Kattukan. Pixkanaka espazio eta pertsona berrietara egokitzen ari dira haurrak. Gardek azaldu duenez, "gelako espazioa ezagutarazten ari gara. Gurekin harremana lantzen. Egokitze prozesua despeditzerakoan 0-3rako diseinatutako ekintza jakin batzuekin hasiko gara: tailerrekoak, psikomotrizitate saioak, ikus-entzutekoak... Urtean zehar garatuko diren ekintza batzuk diseinatuak ditugu. Beti ere, haurrek erritmoak eta behar fisiologikoak kontuan izanda eta errespetatuz". AzpiegituraTitikoena, ibiltarien eta nagusien gelak daude. Psikomotrizitate gela zabal-zabala, tailerra, jangela, sukaldea, biltegia, aldagelak. Haur eskolako arduradunak udalarekin harremanetan daude belardia ere integratzeko, "aukera handiak ematen dituelako".