Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean mustu zuten Imanol Rayoren Bi anai filma, Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan. Arbizuko zuzendariaren lehen film luzeak Serbitzu Zinemira saria, 20.000 eurokoa, irabazi du. Epaimahaiak "bere ikuskera erradikala muturrera eraman izana" nabarmendu dute. Kritikei dagokienez ere, Sakanako zuzendariaren filmak inpresio ona sortu du. Zenbaitek "zinema kontenplatiboaren maisulan" gisa definitu dute. Bi anai filma "irudi zainduen biluztasunagatik eta soinua eta isiltasuna trebetasunez erabiltzeagatik" nabarmendu da. Imanol Rayok eta Beñat Ibarbia ekoizelak esker oneko hitzak izan zituzten saria jasotzea. Saria "talde osoarentzat" dela esan zuten. Zinemira Donostiako Zinemaldiak Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskaintzen dion atala da. 59. edizioan zazpi film aukeratu dituzte sail honetarako. Aurten, lehen aldiz, argitaratu gabeko filmek Serbitzu saria zuten jokoan. Hiru filmek betetzen zuten baldintza hori: Imanol Rayoren Bi anai, David Aguilarren Nao Yi eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren Azken bidaia filmeen artean. Epaimahaikideek, Ramon Agirre aktoreak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Joxean Muñoz idazleak hiru lanen kalitatea nabarmendu dute. Donostiako Zinemaldiak agerian utzi du euskal zinemagintzak bizi duen egoera ona.