"Zatoz eta txistor koipea ator txurian nola, halaxe geldituko da egun hau zuregan, zipriztinez beteta, betiko", honelaxe eman zion ongi etorria 2009. urtean Arbizuko herriak txistorraren egunaz gozatzera hurbildu zen orori. 3 urteren ostean egunak izena hartu du eta gero eta jende gehiago gerturatzen da. Arrakastatsua izan zen aurtengo txistorraren ospakizuna, plaza eta inguruak gainezka egin zutelarik jendez. Horren adierazle izan zen Arbizuko Udalak aurreikusita zituen 120 kilo txistor berehala kontsumitu zirela eta beste 100 jarri behar izan zirela. Haiek nahi adina jan eta bulkatzeko ardoa ere eskaini zuen udalak. 2,5 eurotan saldutako basoek horretarako bide ematen zuten. 500 edalontzi jarri zituzten salgai eta haiek eguerdirako saldu ziren. ArgitzeraEgunak lainoz beteta eta ilun argitu bazuen ere, arratsalde partean eguzki izpiek giroa berotu zuten. Hamar t`erditan eman zitzaion hasiera txerri festaren egunari. Hasierarekin batera eta goiz guztian zehar hainbat erakusketek apaindu zuten herria, duela 40 urte bizi zen giroa gaur egunera ekarriaz. Besteak beste, txerriak, tripotaren elaborazioa eta lixibaren prozesua eta erabilera izan ziren erakusgai. Herria girotzeko asmoz jende ugari bertaratu zen baserritarrez jantzita, ume zein heldu. Bestalde, Xapiru trikitilari eskolak eta Arbizuko txistulariek giroa alaitu zuten jendea dantzan jarriz.Hamaiketan zabaldu ziren, hain zuzen ere, herriko kale nagusian muntatutako postutxoak. Bertan, gaztak, lixiba, barazkiak, bitxiak, zapatak, piperrak eta nola ez txistorra saldu ziren besteak beste. Haietako gehiengoa kanpotik etorri bazen ere, Sakana inguruko postu ugari ikusi ahal izan ziren. Bitartean, plazan txistor eta ardo dastaketaz gozatu ahal izan zuten tripa bete eta eztarria busti nahi izan zuten guztiek.Pintxo lehiaketaHamabiak aldera pintxo lehiaketari eman zitzaion hasiera. Aurreko urteetan gertatu ohi izan den moduan, arrakastatsua izan da lehiaketa. Zortzi izan ziren lehiaketara aurkeztu ziren pintxoak. Parte hartzaileek irudimen handia erakutsi zuten prestatutako pintxo bereziekin. Haiek epaitzen aritu ziren Egoi Martinez eta Gorka Verdugo txirrindulariak, Joseba Ezkurdia pilotaria, Ricardo Remiro gaztagilea, Javier Diez (Alhambra), Fernando Flores (Enekorri) eta Manoli Hartza sukaldariak eta Xabier Irastorza. Irabazlea Olatzea landetxeak aurkezturiko Sumendi pintxoa izan zen (150 euro, diploma eta txapelak). Irune Etxeberria, Igone Vazquez eta Raquel Muñoz sukaldariek gazta brika arrautza txuringoa, txistorra aurkeztu zuten, guztia alubia pure gainean. Bigarren postuan Arbizuko Karrika tabernaren pintxoa gelditu zen (100 euro eta diploma) eta podiuma Arbizuko Kanpinak aurkeztutakok osatu zuen podiuma (50 euro eta diploma). Sari banaketa jendetsuarekin eman zitzaion amaiera aurtengo lehiaketari.ArratsaHirutan herriko plazan ospaturiko herri bazkariaren (150 bat pertsona bildu ziren) ondoren, bost t´erdiak aldera aizkora apustua antolatu zen. Aurtengo txistor eguna despeditzeko, arratsaldeko zazpi t`erdietan aaterekin batera dantza egiteko aukera izan zuten igandean Arbizura hurbilduriko guztiek.