Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Administrazioarekiko auzien auzitegiko I. salak astelehenean eman zuen epaiaren berri, Arbizuko Udalean oraindik ere jaso ez dutena. Europa Pressek zabaldu duenez, epaileak dio Arbizuko Udala pintadak borratu, pankartak kendu eta ETAko presoen kartel eta argazkiak kendu behar dituela. Epaiari helegitea aurkeztu diezaioke udalak. Berri agentziak zabaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Barne Ministerioari eta Guardia Civilari zuzendu zitzaien Arbizuko Udalari eska ziezaioten herriko espazio publikoetatik kartelak, pankartak eta beste kentzeko. Udalak Guardia Civilak egindako eskaerak bete ez zuenez, Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Epaileak aitzat hartu du helegite hori, baina epaian dio udala berez ez dela geldi egon. Baina bere jarduera Zuzenbidearekin bat ez datorrela gaineratzen du, kaleen garbiketa udalen ardura delako. Epaian ere jaso da Arbizuko Udalak ez duela zuzenean estatuko administrazioaren kontrako ebazpenik eman, "baina hark egindako eskaerak ez direla onartu isiltasunagatik edo pintada eta abarren presentzia etengabea denez tazitoki onartzen direlako". SalaketaArbizuko Udalak 2009ko maiatzean Guardia Civilaren aldetik jasandako "presio eta mehatxuak" salatu zituen. Orduko hartan udal ordezkariek salatu zutenez, pankartei eta muralei "argazkiak atera eta Espainiako Audientzia Nazionalera bidaltzeaz gain, Guardia Civilak telefono deiak eta etxe zein udaletxera etorri dira propaganda kentzeko exijentziekin, behin eta berriro, Alderdien Legearen izenean". AHTri buruzko herri galdeketa egitear ziren Arbizun eta Segik jarritako hiru pankarta, ETAren anagrama zuen pankarta bat eta irudi bera zuen harri landu bat kentzeko eskaera jaso zuen udalak. Arbizuko Udalak mozioa onartu zuen, zeinetan "errespetua" adierazi zuen "adierazpen askatasuna eta hori garatzeko erabili beharreko propaganda tresnekiko". Alderdien legeak "herritar askoren eskubide zibil eta politikoak ito nahi" dituela zehaztu ondoren, udala "presionatzeko" erabili nahi zutela nabarmendu zuen, udalak bere "irizpide ideologiko-politikoetan oinarrituta lan egiten" duela berretsi zuen. Guardia Civila ez dela "ongi etorria" gaineratu zuen.