Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizun, bihar, 20:00etan politika egiteko eta antolatzeko eskubidea aldarrikatuko du manifestazio batekAsteazkenetik ostiralera Espainiako Auzitegi Nazionalean bederatzi nafar epaituko dituzte, tartean Maitane Intxaurraga Uribarri arbizuarra. Auzipetu guztiei Segi eta Ekin-eko kide izanik "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die fiskaltzak. Horregatik Intxaurragarendako 8 urteko espetxe zigorra eskatu du.Arbizuarra 2008ko agorrilaren 31n atxilotu zuten Guardia Civilak Grande Marlaska epaileak aginduta. Lau egunen ondoren preso sartu zuten. Tratu txarrak salatu zituen. Bost hilabete eta erdi preso eman ondoren, 8.000 euroko bermea ordainduta aske gelditu zen arbizuarra.ManifestazioaEskubide Zibilen Aldeko Eleak mugimenduak deituta bihar, 20:00etan Arbizun manifestazioa eginen da, Askatasun politikoen alde. Eskubide guztiak guztientzat leloa izanen duena. Deialdiarekin bat egin dute hainbat joerako pertsona eta eragilek. Guztiak ere ideia batek batu ditu: "herri honetako pertsona guztiek dute eskubidea politika egiteko eta antolatzeko" Salatu dutenez, "politika egiteagatik, ari baitira atxilotzen, auziperatzen eta epaitzen pertsona batzuk".Biharko manifestazioari babesa adierazi diotenen ustez, Maitane Intxaurraga auzia eta beste hainbat auzi gehiago, "denak argazki zaharrak dira, gure ustez gainditua dagoen garai bati dagozkionak, eta, gainera, traba dira gizartearen parte handienak egin nahi duen bidean". Maitane Intxaurragak berak Beleixe Irratian (FM 107,3) adierazi duenez, halako epaiketekin bukatzea espero du. "Militantzia politikoagatik inor epaitzeak ez du inoiz zentzurik izan eta are gutxiago gaur egun Euskal Herrian ireki den ziklo berri honetan. Ilusio horren kontra tupust egiten du. Lehen ez bazen ulertzen, gaur egun gutxiago estatua errepresio dinamikekin tenkatzea". Biharko Arbizuko manifestazioarekin bat egin duten pertsonek eta eragileek "bakea eta normalizazioa nahi ditugu, pertsona guztion giza eskubideak eta, kasu honetan, jazarpena jasaten ari direnen eskubide demokratikoak errespetatzen diren eszenatoki bat". Ezinbestekoa jo dute Sortu-ren eta legez kanpo gelditutako gainerako erakundeen legalizazioa, eta gazteek erakunde politikoetan lan egiteko eskubidea errespetatzea. Azkenik, bihar, Arbizun eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.