Euskal kantuak eguberritan

Guaixe 2011ko abenduaren 23a

Arbizuarrek kantuan ospatuko dute Eguberri eguna. Etxean, familian edo lagun artean bazkaldu eta gero, jai giroak Karrika elkartean jarraituko du. Bertan euskal kantaldi herrikoia antolatu du Karrika tabernak igande iluntzerako.Ideia joan zen urteko Gabonetatik dator. Arbizun familia duen Argentinako bikote batek kantaldia eskaini zuen Karrika tabernan. "Giro bikaina sortu zen; guztiek kantuan amaitu genuen. Herritarrek errepikatu beharra zegoela esaten zidaten eta horregatik antolatu dut euskal kantaldia" azaldu digu Katrin Gineak. Arbizuarrak euskal kantu ezagunen letrak prestatu ditu. Ez da hori izanen laguntza bakarra: Arzelus gitarra-jolearen eta Xabi trikitilariaren bultzadatxoa ere izanen da. Sakandarrak kantaldian parte hartzera animatu ditu.