Iritsi da egun handia

Guaixe 2011ko abenduaren 28a

Ezkurdiak betidanik amestu du egun honekin eta azkenean iritsi da. Gaur arratsaldean lehenengo aldiz Asperen kamiseta jantziko du, profesionaletan lehen partidua jokatuko du. Ez da bakarrik egongo, ondoan Iñigo Paskual izango du, atzeko koadroak zaintzen.Txikitatik pilotari eragiten aritu da eta orain ereindakoaren fruituak jasotzeko garaia da. Urte hasieran Arbizuko Aldabide pilota elkartetik Oberenara salto egin zuen eta sekulako denboraldia egin du. Jokatu dituen 14 txapelketetatik 12 bereganatu ditu, horien artean Espainiako buruz buruko txapelketa, Munduko Kopa eta Antiguako edo Elgetako txapelketa entzutetsuak.Askoren ustetan altuegia da (1,91 m) aurrelari lanetan ibiltzeko, baina pilotari arbizuarrak ongi ibili daitekeela erakutsi du. Bere alde ditu sakea eta bolea onak dituela eta pilota abiadurarekin erabiltzen duela. Desplazamenduak eta defentsa ditu hobetzeko, bai hori kantxan denborarekin hartzen den trebetasuna da.Hala ere ez da lehenengo aldia Aspeko pilotariekin ariko dena. Hilabeteak dira Irujorekin, Beroizekin eta Ongairekin entrenatzen aritzen dela, baina hemendik aurrera gauzak aldatuko dira "esaten dutenez gauza serioagoa da, partidu zailagoak eta horregatik gehiago entrenatu behar da. Baina orain ikasteko garaia da" adierazi zuen Ezkurdiak Beleixe irratian (FM 107,3) egindako elkarrizketa batean.Ezkurdia ez da bakarrik egongoOrain arte ez zaio gertukoen babesa falta eta gaurkoan ere ez da gutxiago izango. Arbizutik 2 autobus aterako dira Tolosa aldera herriko pilotariari animoak emateko eta ez dira gutxi izango ere autoan bertara gerturatuko direnak. Partidu ondoren, guztiak Ataunera joango dira, sagardotegian afaldu eta giro ederrean debuta ospatzeko. Afaldu ondoren Arbizura etorriko dira bertan eguna bukatzeko.