Aizkotriala

Guaixe 2012ko maiatzaren 18a

Axioren Lagunak taldeak antolatuta, ekitaldi berezi bat izanen da igandean Arbizuko industrialdean: 4x4 eta aizkora erakustaldia. Aizkotriala deitu daitekeena. Jose Ignazio Flores "Axio" arbizuarraren alde dirua lortzeko antolatu da ekimen berezi hau. "Duela gutxi 4x4 todoterrenoen erakustaldia egin genuen eta, horregatik, berriro antolatzea ez genuen ikusten. Eta todoterrenoak aizkolariekin batera aritzea bururatu zitzaigun. Haber ze ateratzen den!" dio Jose Luis Lakuntza "Risitas"-ek. Aizkolariak eta todo terrenoak taldekideSakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntza eta Goizeder Beltza aizkolaria dabiltza prestaketetan. Guztira lau aizkolari eta bospasei ibilgailu ariko dira lehian. Aizkolari bakoitzak ibilgailu batekin osatuko du bikoa. Horrela, aizkolariak lanean hasi eta enbor erdia mozterakoan haien bikotea den autoak prestatutako tramo bat gainditu beharko du, joan eta etorri. Eta iristen denean aizkolariak lanean jarraituko du. Horrela tarea edo proba bukatu arte. "Orain arte egin dugunaren desberdina izango da. Axioren alde dirua ateratzea da kontua eta jendeari zerbait desberdina eskaintzea. Gainera, saltsa pixka bat jartzeko akaso bertsolariren bat etorriko da, pilotu eta aizkolariei adarra jotzeko" gaineratu du Risitasek. Pilotu gehienak sakandarrak izango dira: Urdiaingo Josu, Bakaikuko Iñigo Zelaia, Arbizuko Mikel "Ixela", "Risitas" bera eta ataundar bat. Eta aizkolarien artean ez dira sakandarrik faltako. Zalantzarik gabe, ekitaldi kuriosoa da aizkolariek eta Sakana 4x4 taldeak elkarlanean prestatu dutena. Gainera, ikusleek kopilotu joateko aukera izango dute. Ekitaldi berezia igandean izanen da, 16:00etatik aurrera, Arbizuko industrialdean. Axioren alde dirua ateratzeko denez, ikusleek borondatea ordaindu beharko dute.