Izartel, udalaren telefonia operadorea

Guaixe 2012ko maiatzaren 30a

Asteartean aurkeztu zuen bere eskaintza jendaurrean. Etorkizunean Etxarri Aranatzen eta Ergoienan eskaini nahi du bere zerbitzuaArbizuko Udalak atzokoan arbizuarrei bere zerbitzu berriari buruzko argibide guztiak eman zizkien. Izartel du izena zerbitzuak eta Interneteko banda zabala eta telefono zerbitzua eskainiko du. Dagoeneko arbizuarrek telefono eta internet zerbitzuen enpresa hornitzaileen aukera zabalagoa dute, udala tartean dela. Askalats enpresa publikoak kudeatuko du Izartel telefonia operadorea. Arbizuko Udalak 2010eko ilbeltzaren 31n erabaki zuen telefonia operadore bihurtzea, Josu Miren Mendinueta alkateak orduan azaldu zuenez, "arbizuarrei prezio egokiagoan eskaini nahi diegu telefonia eta internet zerbitzua". Zerbitzua eskaintzeko epea nahi baino gehiago luzatu zaio Arbizuko Udalari, prozedura administratiboa eta telefonia operatzaileekin izandako negoziazioak tarteko. 2010eko Enplegurako eta Jasangarritasunerako Toki Inbertsioaren Estatu funtsetik jasotako 45.421,98 euro (gehi BEZ) bideratu zituen egitasmorako (iazko aurrekontuetan beste 10.000 euro bideratu ziren). Lanak Montajes Eléctricos Gauss S.L. enpresak egin zituen, beharrezko tresneria Movistar enpresak Etxarri Aranatzen duen egoitzan jarriz. Kokapen horrek, hain zuzen, ekarriko du etorkizunean arbizuarrek duten eskaintza bera, etxarriarrek eta ergoendarrek izatea. Guifi.netArbizun, Ergoienan eta Etxarri Aranatzen Izartelek eskainiko duen zerbitzua kable bidezkoa izanen da. Gainera, udal arduradunek azaldu digutenez, guifi.net egitasmoarekin bat egiteko asmoa dute. Hala, Sakana erdialdeko operadorea Euskal Herri mailako egitasmo horizontal bateko nodo edo lotura gune bat bihurtuko litzateke. Guifi.net bidez norbanakoen, kolektiboen, enpresen, administrazioen edota unibertsitateen azpiegitura propioa erabiltzen da elkarrekin lotzeko. Hala, telekomunikazio sare ireki, aske eta neutral batek osatzen du, non parte-hartzaile bakoitzak bere antena erabiliz sarera konektatzean, sarea hedatzen duen eta beste guztiekin konektatzen den. 948 017 777Informazio eta kontsultetarako telefonoa, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. EskaintzaInternet banda zabala eta 200 minutu telefono deietan (lokalak, nazionalak eta erkidego artekoak) 28 euro (BEZ kanpo).