Mendinueta eta gaixo dauden gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatu da

Guaixe 2012ko ekainaren 11

Igande arratsaldean 700 bat pertsonek Jesus Mari Mendinuetaren, Poxtiñaren, askatasuna aldarrikatu zuten, euripean. Herrirak deitutako manifestazioan Gaixo dauden presoak askatzeko eskatu zuten, "behar bezalako tratamendua jar diezaieten, jasaten dituzten gaitz larrietarako". Presoen sakabanaketa eta espetxeetako salbuespen erregimenak ere salatu zituzten bildutakoek. Espetxeetan gaixo dauden presoek "konfiantzazko medikuek behar bezalako arreta emateko inolako aukerarik gabe" daudela nabarmendu zuten ere. Espainiako eta Frantziako estatuei horrekin guztiarekin hausteko eskatu zuen Herrirak. Aldi berean, estatuei pausuak emateko eskaera egin zieten, "bake eta konponbide eskenatokira abiatzeko, konponbidea orokorra eta atzera bueltarik gabea izan dadin".PoxtiñaAgorrilean 21 urte preso eginen ditu. Zigorraren hiru laurdenak beteta ditu eta 92. artikulua aplikatuta libre egon liteke. Zigor osoa iazko maiatzean bete zuen, baina Parot doktrina ezarri zioten eta 2021 urtera arte luzatu zioten espetxe zigorra. Arbizuarra Zuerako espetxean dago preso. Mendinuetak afekzio sistematikoa duen gaixotasun erreumatikoa du. Horrek begietako gaitz bat ekarri dio. Horrek aurreko aldeko ubeitisa sortu dio eta ikusmen gaitasuna urritzen dio. Bestalde, bi hernia diskal ditu, lepoaldean eta gerrialdean, lepoko mina eta ziatika sortzen dizkiotenak. Migraina eta aurreko sinupatia aldi errepikatuak ditu. Oinaze hezur-gihar eta hezur-artikularrak.