Etorriko dira

Guaixe 2012ko uztailaren 4a

Jon Jaunarena eta Joseba Ezkurdia promesak biharko izarrak izango direla demostratu zuten larunbatean Labriten. Promesen mailako Buruz Buruko final lehiatu eta ikusgarrian sekulako maila eman zuten biek, euren arteko lehia etorkizuneko klasikoa izan daitekeela erakutsiz. Tamalez txapela Leitzara joan zen, baina Ezkurdiak maila horretan jarraitzen badu, etorriko dira beste batzuk Arbizura. Leitza eta Arbizuko zaleek Labrit ia goraino bete zuten eta giro bikaina zegoen bonboneran. Final orekatua izan zen. Hasieran Jaunarenak tartea ireki zuen (7-2), baina sakeari esker 7-6 hurbildu zen Ezkurdia. Bolea ikusgarriarekin, airez ongi defendatu zuen Ezkurdiak, eta erasoan trebe, partidari erritmoa eman eta 10-11 aurreratzea lortu zuen Ezkurdiak. Jaunarenaren une txarrenak izan ziren horiek, baina leitzarrak sufritzen dakiela erakutsi zuen eta ongi eutsi zion. Piloteoarekin hasi eta atzera jo eta jo hasi zen, tantoa atzean bilatuz. Erasotzeko botera jolastuz hasi zen. Ezkurdiak arriskatu zuen eta 17-16 gerturatu zen, tanto bikainekin. Arriskatzearekin batera ere hutsak etorri ziren. Horrela, sei huts egin zituen erasoan Ezkurdiak. Bukaeran Jaunarena suspertu eta jarraian egin zituen partidako azken bost tantoak, sakearekin gehiago asmatuz eta Ezkurdiaren errestoei bikain erantzunez. Bukaeran Jaunarenak jantzi zuen txapela, kostata, bote jokoan izandako aginteari esker. Hurrengo urtean Lehen Mailako txapelketan jokatzeko txartela lortu zuen. Nahiz eta galdu Ezkurdiak sekulako maila eman zuen eta Arbizun 100 pertsona baino gehiago bildu ziren plazan afaltzera, txapeldunorde izatea ere ospatu beharra dagoelako. Etorkizunean etorriko dira final gehiago.