Igandean ekitaldi sinboliko baten bidez mustu zuten Nafarroako ikastorlek Oinez Basoko putzua. Deialdiari erantzun ziotenek ikastola guztietako ordezkariak eta familiek ur botila eraman zuten eta putzua sinbolikoki betetzeko ekitaldian parte hartu zuten. Asun Berastegi biologoaren gidaritzapean egin da putzua, hegazti eta baso-igel jauzkariendako habitat egokia izanen da. Kurriloak, ahateak edo beltxargak izanen dira putzua erabiliko dutenak. Hegazti migratzaile horiek dagoenek hondakindegi ondoko putzu batean gelditzen dira, baina putzu hori desagertuko da eta igandean mustutakoa ordezko egokia izanen da. Arbizuko Udalak lagundu du ekimenean, eta etorkizunean hegaztiendako begiratokia eginen da. Izan ere, Oinez Basora eramaten duen ibilbideari erakargarri bat gehiago gehituko zaio.
Oinez Basoa
Nafarroa Oinez, ikastolen urteroko festak ingurumenaren gainean eragiten du (baliabide naturalak erabiltzen baitira, hondakinak sortzen baitira eta berotegi-efektua duten gasak isurtzen dira). 2008an Iruñeko Francisco de Jaso ikastolak jai jasangarriago baten alde egitea erabaki zuen, eragin ekologikoa ahal denik eta gehien gutxitzeko asmoz. Horrela sortu zen Oinez jaiaren basoak sortzeko ideia; helburu bikoitza zuen: alde batetik, Nafarroa Oinez jai bakoitzean isuritako CO2 -a konpentsatzea, eta bestetik, zuhaitzak babestuz euskararen irakaskuntzari babes ekonomikoa ematea.
Aurreneko Oinez Basoa Arbizun egin zen, Andra Mari ikastolak 2009an eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak 2010ean lortu zituzten babesei esker 5.200 zuhaitz landatu ziren. Bigarren basoa Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak hasi zuen pasa den urtean Monte Plano izeneko alderdian, eta aurten San Fermin Ikastolak osatu du lana. Bertan 8.400 artez eta erkametzez osaturiko basoa sortu da. Guzira 8,3 hektareako lur-zatia landatu da.