Lekuko aldaketa alkatetzan

Guaixe 2012ko urriaren 9a

Miren Mendinueta Lakuntza da Arbizuko emakumezko aurreneko alkatea. Irailean hartu zituen bere gain udal ardurak. Alkatetzan aurreikusia zegoen aldaketa izan da Arbizun. Jesus Mari Mendinuetak 9 urte gin ditu alkatetzan. Udazkenean udala osatu ondoren alkate jarraitu zuen, udalbatza berriak udaleko martxa ikasi bitartean eta Jesus Marik aurretik zetozen zenbait gai itxi bitartean. Orain zinegotzi segituko du. Ekonomia krisiak udaletara iritsi dela esan digu alkate berriak. "Udalak gobernuaren diru-laguntzen eta enpresen oso menpekoak dira. Zuzenean jo ditu udalak ere". Hitz emandako diru-laguntzak kobratu ez eta udala zain dagoela esan digu Mendinuetak. Horren adibide gisa Lakuntza eta Arbizuko udalek sustatutako haur eskola jarri du. Eraikuntza lanengatik 290.000 euroko eta altzariengatik 70.000 euroko diru-laguntza oraindik ez die eman Nafarroako Gobernuak. "Kobratzeko zerrendan lehenengoak gaudela esaten digute, baina gobernuak ez duela dirurik. Azkenean udalarendako zama da". Heldu den urteko aurrekontuak prestatzen hasiko da sarri Arbizuko Udala eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izanen dute. Gauza bera hirigintza planarekin. Izan ere, Mendinuetak esan digunez, gardentasuna eta parte-hartzea bulkatuko dute udaletik. Horregatik arbizuarrak udaleko gaietan parte hartzera deitu ditu. Bestalde, Mendinuetak jakinarazi digu udalak Utzubar industrialdeko 3. faseko lurrak saldu dituela. Aurrera begira, Askalats enpresa publikoa indartu eta haur eskolako egoerari irteera ematea izanen dira alkate berriaren lehentasunak. IzartelPixkanaka aurrera doa eta dagoeneko 54 bazkide ditu Arbizuko Udalak sortutako telefonia enpresak, Izartelek. Aurreko astean Etxarri Aranatz eta Ergoienako udalekin bildu ziren eta sarri bi udalerri horietara zabalduko da Izartelen eskaintza. Arbizuko liburutegian egoten da Izartelen langilea eta han jaso daiteke informazioa eta kontratuak itxi. 948 017 777Informazio eta kontsultetarako telefonoa, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Internet banda zabala eta 200 minutu telefono deietan (lokalak, nazionalak eta erkidego artekoak) 28 euro (BEZ kanpo).