Lazkozek eta Gardeazabalek Euskadiko Bulder Txapelketarako prestatutako bideak, txalotuak

Guaixe 2012ko azaroaren 12a

Asteburuan Euskadiko bulder txapelketa jokatu da Aretxabaletan. Parte hartze bikaina izan zuen eskaladako txapelketa honek eta aipatzekoa da Ion Gurutz Lazkoz arbizuarra eta Ander Gardeazabal arduratu zirela bideak eta eskalada blokeak prestatzeaz, Sergio Maiztegiren laguntzarekin. Prestatutako bideak "oso onak eta interesgarriak" izan zirela azpimarratu zuten eskalatzaileek. Aipatzekoa da lan zaila zutela ekipatzaileek, 16 urtetik azpiko kategorietatik hasi eta maila absoluturaino arteko bideak prestatu baitzituzten. Baina nota onarekin pasa dute proba.