Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aspek klausula berria jarri du indarrean eta Gonzalez Binakakotik aldendu du, Joseba Ezkurdiak bere tokia hartuz. Sakandar bikoa ariko da txapelketan: Ezkurdia-Zubieta. Enpresen Ligak Binakako Txapelketaren arautegian klausula berria zehaztu zuen, pilotariak nahi bezala aldatzeko eskubidea, "desiotako errendimendua" ematen ez bazuten. Aspe izan da aukera hori baliatu duen lehen enpresa. Nonbait Sebastien Gonzalezek emandako errendimenduarekin ez dago gustura Eibarko enpresa eta lapurtarra Binakakotik aldendu du. Bere ordez Joseba Ezkurdia ariko da. Ezkurdia ilbeltzaren 20an lesionatu egin zen, Astelenan partida bat jokatzen ari zela. Ezkerreko sorbaldan luxazioa zuen arbizuarrak, baina espero baino lehen osatu da. Astelehenean entrenamendu gogorra egin zuen eta sasoiko dagoenez, berak ordezkatuko du Gonzalez. Hortaz, biko sakandarra izango dugu lehian: Joseba Ezkurdia eta Aitor Zubieta. Papeleta zaila dute bi sakandarrek. Orain arte jokatutako sei jardunaldietan soilik batean irabazi zuten Gonzalezek eta Zubietak, eta bakarrik puntu bat dute. Final laurdenetarako sailkatzea oso zaila dute, eta horretarako gelditzen diren jardunaldietan irabazi beharrean daude. Bengoetxea VI.a eta Beroiz dituzte aurkari larunbatean Idiazabalen, eta ostegunean egingo dute pilota aukeraketa. 21 urterekin, lehen mailako torneo batean aritzeko ateak zabaldu zaizkio Ezkurdiari eta suzko proba izanen du larunbatean Idiazabalen. Bestalde, Jaunarenak oraindik mina hartuta dagoen Xalaren tokia hartuko du eta Ibai Zabala kantxetara itzuliko da, eskuan dituen arazoak hobera egin dutelako. "Pozik nago aukera eman didatelako"Joseba Ezkurdia pozik dago enpresak eman dion aukerarengatik. Lesioagatik ere osatuta dago. "Pilotaka hasi nintzen, anaiarekin eta, eta hobeki ikusi nuen nire burua. Orain beldurrak kentzera..." adierazi digu, umil. Dagoeneko hitz egin du Aitor Zubietarekin. "Ondoko herriko batekin aritzea polita da oso" gaineratu digu. Udan elkarrekin partida bat jokatu zuten, Bilbon, eta orduan galdu egin zuten. Ordutik ez dira gehiago aritu, eta ostegunean, material aukeraketa egunean, entrenatuko dute, Idiazabalenn bertan. Binakakoan irabazi beharraren presiopean debutatuko du Ezkurdiak. "Tentsio hori badugu, eta aurkariak, Oinatz eta Mikel, oso indartsuak dira. Baina gu gerra ematera aterako gara" azpimarratu du. Ea arbizuarrak primerako debuta egiten duen eta berak eta Zubietak jokoan dagoen puntua poltsikoratzen duten.