Bestelakoez gain, emakumezkoei aisialdiko aukerak eskaini behar zaizkie

Guaixe 2013ko martxoaren 22a

Yolanda Olasagarre Mendinueta soziologia ikasketak egin zituen. Haiek despeditzean Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan lan egin zuen. Gaur egun, hezkuntza publikoan lan egiten du.Landa eremuko okupatutako emakumeen %78,5ek hirugarren sektorean lan egiten du. Gainera, hamarretik bik unibertsitate ikasketak ditu. Profesional hauen mugikortasuna oso altua da. Non hasi zinen ikasten?Gainerako haurren moduan Arbizun hasi nintzen ikasten. Gero Etxarrira etorri ginen, hemen zegoelako kontzentrazioa. Hor 8. mailara arte. Ondoren jende asko Etxarriko mojetara joaten zen administratiboa egitera. Eta, bestela Altsasuko institutura, Lanbide Heziketa eta Batxilergoa. Biak eraikin berean zeuden eta guk mustu genuen "mendiko" institutua. Eta ikasketekin segitzean, emakumezkoen eta gizonezkoen ikasketak zeuden?Baliteke egotea. Nik, egia esan, ez nuen hori bizi izan. Etxean garbi esan ziguten ikasi beharra genuela. Niri gustatu egiten zitzaidan. Institutura joan nintzen eta hortik aurrera, karrera aurreratu. Orduan, nik ez nuen hala bizi, gizonezkoendako eta emakumezkoendako. Seguraski egonen ziren... Hainbat karrera edo Lanbide Heziketako zenbait gauza bideratuxeago gizonezkoendako. Etxarriko mojena, esate baterako, hor ia gehienak emakumezkoak ziren. Bereizketa hori bai, baina nire kasuan ez nuen hori sumatu garai batean. Trebetasun eta gustu kontua da. Ikasketen inguruan, iruditzen zait, lehentasuna dela zer gustatzen zaizun, hura egitea. Batxilergoa eta gero zer egin zenuen?Edade horietan oso zaila da gauzak garbi edukitzea. Zenbaitek izaten dituzte, baina oso zaila da. Inguruan zegoelako, soziologia egin nuen Bilbon. Egia esan asko ikasi nuen eta ikasten disfrutatu nuen. Beti esanen dut, gustukoa. Gero ez dut aukera izan horretan zehatz-mehatz lan egiteko, baina baliagarria izan zait. Ikasten ari zinela Sakanan lan egiteko aukera ikusi zenuen?Ez. Edade horiekin ez duzu hain garbi ikusten gero zer egingo duzun. Nire kasuan behintzat. Karrera bukatu. Tesina soziolinguistikaren inguruan egin eta, kasualitatez, horren inguruko lanpostuak sortu ziren Sakanan. Bukatu eta berehala lanean hasi nintzen. Sakanan lanean gelditzean, etxean egotearen abantaila. Bai. Une hartan ez nuen erabakia kontziente hartu. Hala gertatu ziren gauzak, familia ere herrian nuen. Dena inguruan izatean bertan gelditu nintzen. Bestela Bilbon probatzea?Garai hartan ez nuen izan gauzak pentsatzeko denborarik. Horrela suertatu ziren eta kitto. Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko nola moldatu zinen?Pixka bat antolatzea da. Seme-alabak eta lana badituzu, bi horiek uztartzeak ahalegin bat eskatzen du. Nik uste dut, zalantzarik gabe, familia barruan lan banaketa egin behar dela. Baina, horretaz gain, askotan kanpoko laguntza ezinbestekoa da: hirugarren pertsona bat sartzea; zerbitzuak, haurtzaindegia edo dena delakoak esaterako... beharrezkoa da. Bestela horri aurre egitea zaila da. Zure garaian zerbitzuren baten premia sumatu zenuen?Bai, premia bai. Orduan ez zegoen haurtzaindegirik ez ezer. Bakoitzak bere bidea egin behar zuen. Familiaren laguntza edo beste norbait hartu laguntzeko. Denetara ez gara iristen. Eguneko orduak mugatuak dira. Momentuaren arora lehentasunak jarri behar dira, horren arora antolatzea eta laguntza izatea. Bestela, badaude makina bat emakume karrera ikasi eta bertan lanik ez dagoenez hirietan gelditu dena, ezta?Hala da. Herriak bere mugak ditu, eta hala segituko du. Mundu guztiarendako herrian lana aurkitzea, gustuko lana, zaila da hori lortzea. Hori onartu beharra dugu. Sakanako herriek duten abantaila handiena da oso ongi komunikatuta daudela. Iruñea, Gasteiz ordu erdira ditugu. Den-dena ezinen da, baina gutxieneko batzuk...Hori da. Kontua da gaur egun lanaren kontzeptua ere aldatzen ari dela. Zerbitzuetan lan eginez gero, gauza asko Internet bidez egin daitezke, ez daitezke. Zenbait gauza etxetik egin daitezke. Ni momentu honetan irakaskuntzan ari naiz eta, akaso gaztetxoekin ez, baina unibertsitate mailan gauza asko sarearen bidez egiten dira. Aldaketa bat etortzen dela ikusten da eta, nik uste, onuragarria izanen dela jendea herrian gelditzeko eta herritik bertatik lan egiteko. Zenbait lan, behintzat. Zuzendaritza taldeetan parte hartu duzu?Zehatz-mehatz ez. Euskara Zerbitzuan nengoenean kargu politikoekin eta halakoekin harremana nuen. Ardura pixka bat nuen, baina ez nengoen zuzendaritza taldeetan. Orain, ez dut. Zure arduradunak zer dira emakumezkoak edo gizonezkoak?Emakumezkoak. Hortik aurrera kontrakoa gertatzen omen da, ez?Datuek argi eta garbi esaten dute. Esaterako, irakaskuntzan, Haur eta Lehen Hezkuntzan oso gizon gutxi daude irakasleen artean. Mailetan gora egin ahala gehiago daude. Ikastetxe horietako zuzendaritza taldeetara jotzen badugu, gehiengoa gizonezkoa izanen da. Eta zer esanik ez unibertsitatean. Hori aldatzen ari da. Kultura eta lehentasun kontua da. Orain arte, akaso, emakumezkoek lehentasuna beste arlo batzuetan jarri ditugu, familian eta beste arlo batzuetan. Hemendik aurrera ikusiko da zer gertatuko den. Hezkuntza egoki bat behar da horretarako. Hezkuntzan gauzak ere aldatzen ari dira. Gaztetxoak ere zenbait gauza garbiago dituzte. Hala ere, zenbait gauzarekin harrituta gelditzen gara, ohiturak eta beste hainbat elementu ez nabarmen aldatzea kosta egiten da. Adibidez, neska-mutilen harremanetan, zenbait kasutan gertatzen omen da neskatoak mutikoari ematea bere mugikorraren edo e-postaren pasa-hitzak ematea eta gurasoei ez. Eta hor, nolabaiteko mendekotasuna sortzen da. Hor ikusten da zenbait gauza, kanpora begira aldatzen dira, baina beste batzuk ez. Estereotipoak eta oso errotuak ditugu eta horiek aldatzea eguneroko lana da askotan. Eta askotan oso zaila detektatzeko, ikusteko eta ikustarazteko ere. Zure ustez, herri batek zer zerbitzu izan behar ditu emakumezkoak bertan gelditzeko?Zalantzarik gabe, lana bertan baldin badago, primeran. Gero, norberaren ingurune hurbila herrian bertan baldin badago, nik uste, faktore inportantea dela jendea gelditzeko. Gure kasuan, komunikazio aldetik nahiko ongi gaude. Horiek mantentzea eta hobetzea izan daiteke. Lanaren kontzeptua aldatzen doa eta Internet-en bidez zerbitzuen arloan ari direnei gauzak errazten bazaie ere, primeran. Gero, nik uste, herriek eskaini behar dute hiriek eskaintzen ez dutena. Hiriek zerbitzuak eta aisialdiko gauza asko eskaintzen ditu. Eta horien pare, nik uste dut zaila dela ailegatzea. Baina, akaso, beste gauza batzuk. Lasaitasuna. Basoa bertan dugu eta edozein momentutan hara joatea. Gustuen arabera, baratzeak izatea. Gizarte bizitza eta harremanen inguruan, hor bai oztopo txikiren bat egon daiteke. Eta emakumeei, aurreko elementu horiez gain, aisialdiko aukerak eskaini behar zaizkie. Edo emakumezkoek aukera horiek hartzea. Aisialdi hori zentzu zabalean ulertuta: lagun taldeak direla, kirola dela... Emakumezkoen zaletasunak bilatzen joatea. Askotan, nik uste, gure zaletasunak zein diren ez dugula garbi. Hori puntu garrantzitsua izan daiteke. Gizonezkoen zaletasunak agerikoak dira, ikusten dira. Emakumezkoenak pixka bat ezkutuan gelditzen dira eta horiek lantzea.