Embutidos Arbizuk ekologikoarekin zabaldu du bere eskaintza

Guaixe 2013ko martxoaren 27a

Asteartean Embutidos Arbizuk ekoizten dituen txistor eta txorizo ekologikoak aurkeztu zituen. Ainara Goikoetxea Arbizuk, enpresako nagusietako batek, azaldu digunez, aspaldiko egitasmoa gauzatu du Embutidos Arbizuk. Lehengai ekologikoak opatu dituzte, "ez dago asko eta zaila da opatzea"  (txerrikia Errioxakoa, piper-gorria Murtziakoa eta baratxuria Extremadurakoa) eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan (NNPEK) ekoizle gisa alta eman da. Arbizuko enpresaren asmoa da etorkizunean ekoizpen ekologikoko bere eskaintza ekoizten duen beste produktu batzuekin aberastea, "kontsumitzaileari aukera gehiago emateko". Goikoetxearen arabera, "zaporez nabari du goxoago atera dela. Baina pixkanaka hobetu nahian ari gara, printzipioz ona atera da". Betiko txistorren aldea zapore gehiago duela esan digu Goikoetxeak: "koipe pixka bat gehiago dauka baina zaporez finagoa atera da. Nik uste haragia finagoa dela. Eta baratxuria eta piper gorria ohikoagoan baino finagoak dira". Ekoizpena pixkanaka handitzeko asmoa dute. Embutidos Arbizuren bi produktu berriek NNPEK eta Reyno Gourmet zigiluak dituzte. Arbizuko enpresako buruen ustez produktu ekologikoen kontsumoa gora doala. Ekoizpen ekologikoan hasteak ohiko txistorrak eta txorizoak egun batean eta besteak beste egun batean egitea ekarri du lantegira, "inolako nahasketarik ez egoteko". EkoizpenazEgun gehien ekoizten duten produktua txistorra da. Horrekin batera, txorizo freskoa, urdaia-hirugiarra eta patea. Ekoizpena Euskal Herritik kanpo ere saltzen ari da Embutidos Arbizuk (Norvegia, Filipinak, Ingalaterra, Frantzia). "Atzerriko merkatu horiek zabaltzeko asmoa dugu. Argi dago kanpora saltzera joan behar dela saltzera. Gaur egun hemen ez da oso ona". Hala ere, txistorra eta txorizoa krisi garaian saltzen diren produktuak direla azaldu digu Ainarak. Aurkezpenean egon ziren:Mendiribar (Osasunako entrenatzailea), Joseba Ezkurdia (pilotaria), Peio Reparaz (Vendettako musikaria), Javier Diez (Alhambra jatetxea), Angela Sabalsa eta Sara Machin (NNPEK), Itziar Inza (Reyno Gourmet), Helena BM eta Silvia Redongo (gastronomi blogariak).