Meaulnes handia Alain-Fournier idazlearen obra euskaraz irakurri daiteke dagoeneko. Monika Etxebarria Arinabarreta arbizuarrak itzuli du liburua, Literatura Unibertsala bildumaren barruan Alberdaniak, Ereinek eta Igelak elkarlanean argitaratu dutena. Izenburua liburuko pertsonaia nagusiaren izen txikia da. Etxebarriak Beleixe Irratian (FM 107,3) argitu duenez, "pertsonaia berezia da, 18 urte ingurukoa. Handia fisikoki eta handia bere gelakideengan sortzen duen eraginagatik. Abenturako grina, liderra eta bestelako ezaugarriak nerabeen artean pertsona bat berezi egiten dutena".
Gaztaro eta helduera horren artean daude protagonistak "helduaroan sartu behar dute, baina ez dute nerabezaroa erabat atzean utzi nahi". Liburua "irakurterraza da eta momentu batean harrapatu egiten du, suspensea, zer gertuko da... " azaldu du Etxebarriak Beleixe Irratian (107,3). "Abentura liburu bat bezala kontatuta dago. Mutiko horren bizipenak. Egiazko bizipenak dira, baina berak nolabait fantasia edo abentura bihurtzen ditu". Nerabeendako liburu gisa saldu izan bada ere itzultzaileak azaldu du helduendako gauza interesgarririk baduela Meaulnes handia-k. "Badu zerbait" ziurtatu du itzultzaileak.
Etxebarriak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, idazlea 28 urterekin hil zen, lehen mundu gerra hasi eta berehala; "ez zion betarik eman beste ezer idazteko. 1913an argitaratu zenetik oso arrakastatsua izan da. Milioika ale saldu dira, mundu osoan gainera; hizkuntza askotara itzuli da, batzuetan itzulpen bat baino gehiago ditu". Halako arrakasta izanda euskaraz izatea merezi duela iritzi dio Etxeberriak. Itzultzerakoan aparteko zailtasunik ez duela izan esan du arbizuarrak.
Frantsesetik itzultzen du arbizuarrak, baina gaztelaniazko bertsioare babesa erabiltzen du. Liburua berak aukeratu duen edo liburuak bera galdetuta Etxebarriak azaldu digu Literatura Unibertsala bildumako arduradunek titulu zerrenda bat lehiaketara ateratzen dutela: "Norberak ikusi behar du zer komeni zaion, zein hizkuntzatik egin behar duen. Frantzesetik euskaratu beharreko hiruzpalau liburu zeuden eta honek eman zidan atentzioa". Etxebarriak azaldu duenez, "lehiaketak aurkeztea epaimahai batek aurkeztutako laginak aztertu behar dituenaren bermea ematen dizu". Lehendik Etxebarriak aurretik Jean Paul Sartreren Goragalea eta Danilo Kisen Hildakoen Entziklopedia itzuli ditu Literatura Unibertsalaren bilduma horren barruan, eta Fernando Reyrekin batera Orhan Pamuk nobel sarituaren Elurra, Jokin Zaitegi lehiaketaren bidez.