Bueltan da Arbizuko Duatloia

Guaixe 2013ko apirilaren 26a

Iazko etenaren ondoren, Arbizuko udalak Arbizuko 17. Duatloia antolatu du biharko, larunbaterako. Proba 16:00etan abiatuko da Kale Nagusitik. Udalak Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren eta hainbat enpresa eta komertzioren laguntza izan du, herritarren babesarekin batera. Proba Nafarroako Duatloi Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria da. Ekitaldia astelehenean aurkeztu zuten Arbizuko kirol zinegotzi Juantxu Zabalak, Arbizuko alkate Miren Mendinuetak eta Arbizuko zinegotzi Gorka Iriartek. 17. edizioa bete du Arbizuko probak eta Nafarroan proba dekanoa da. "Nafarroan beteranoena eta Euskal Herri mailan zaharrenetakoa, Oñati eta Eibarkoarekin batera, eta proba inportantea da, errotuta zegoena. Horregatik berreskuratzeko ahalegina egin dugu" adierazi zuen Juantxu Etxebarriak. Herritarrak proban inplikatu dira eta lehenengoz kintoak antolakuntzan izanen dira. Helburuak: Arbizu, euskara eta kirola bulkatzeaDuatloiarekin hiru helburu lortu nahi dira. Batetik, Arbizu eta Sakana ezagutaraztea. "Probak jende asko ekartzen du eta kirol-turismo moduan planteatzen dugu. Gainera, sarietan Arbizuko produktuak banatuko ditugu" azaldu zuen Zabalak. Bestetik, euskara bulkatzea. "Federaziokoekin harremanak euskaraz egin ditugu, kartelak eta publizitatea euskaraz egin ditugu, probako egunean esataria euskalduna izango da... euskarari arnasgunea eman nahi diogu" gaineratu zuen kirol zinegotziak. Eta, jakina, kirola bulkatzea. "Sakanan txirrindularitza eta atletismo zale ugari daude. Bi kirol horiek uztartzen ditu duatloiak eta kirolean aritzeko aukera sustatu nahi dugu" nabarmendu zuen Zabalak. Boxak Kale Nagusian eta no drafting_Zirkuituaren aldetik, ez dago nobedaderik. Boxak Kale Nagusian egonen dira, ikusleek trantsizioak gertutik ikus ditzaten. Udaletxetik Eskoletara arteko eremua hesituko dute espaloiak libre utziz. Eskola pareko espaloia duatletendako izango da, bertatik boxetara sartzeko, eta beste espaloia zabalik egonen da ikusleendako.Txirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hau da, ezin da draftinga egin. "Besteen lanaz ezingo da aprobetxatu" nabarmendu zuen Zabalak. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta alboan dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenek 2 minutuko zigorra jasoko dute. Eta gainera, nobedade moduan, txirrindula uzteko ez da denbora mugarik egongo eta duatloilari guztiek proba despeditu ahal izango dute. Ibilbidea: 8 km-32 km-4 km_Larunbatean 16:00etan abiatuko da Arbizuko 17. Duatloia. Irteera plaza parean izanen da. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro eginez. Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura heltzeko lana bitan eginez. Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote korrikan, 4 kilometro eginez. Helmuga eskolen parean egonen da. Proba polita da, baina gogorra, tartean Lizarragako Katea baitago. Haizeak, bereziki hegoak jotzen badu are gogorragoa izango da proba. Probaren segurtasuna bermatzeko Kale Nagusia itxiko da larunbat goizetik. Proba hasten denean Uhalde, Akerruntza eta Fernando Urkia kaleak ere itxiko dira. Bizikletaren eremua jokatzen den bitartean ez da trafikoa moztuko. Hortaz, adi egoteko deia egin du antolakuntzak. "Bidegurutzeetan boluntarioei kasu egiteko deia egiten dugu. Eta etxeko txakurrak dituztenei txakurrak kontrolpean izateko deia" nabarmendu dute. ArgibideakAntolakuntzak 100 parte hartzaile inguru espero ditu. Jakina, Sakana Triatloi Taldeko sakandarrek ez dute huts egingo. Izena ematea www.navarratriatlon .com web gunean egin behar zen, atzora arte. Dortsalen banaketa Arbizuko eskoletan eginen da, larunbatean, 12:00etatik 13:00etara. Boxak 15:00etan zabalduko dira, eta epaileek orduan ere hasiko dute materialen kontrola trantsizio gunean. Proba bukatuta sari banaketa eginen da Arbizuko plazan, eta ondoren, auzatea izanen da Aldabide elkartean, Arbizuko produktuekin. Probako antolakuntza lanetan 40 pertsona inguru ariko dira. "Lagundu nahi duena hurbil daiteke" azaldu dute.  Sari arbizuarrakLehenengo gizonak eta emakumeak 150 euro, txapela eta Anastasio harategiko lotea jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Arbizu, Flores eta Laket-en produktuak banatuko dira irabazleen artean. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako eta beterano mailako lehen gizon eta emakumeek Arbizuko produktuen loteak jasoko dituzte. Lehen sakandarrek, gizon eta emakumeak, bi pertsonendako afaria jasoko dute, Jubilatuetan eta Baxerri jatetxean. Horretaz gain parte-hartzaile guztiek 2011n Eskozian munduko saria jaso zuen Juananeko gazta puska bat jasoko dute. Informazioawww.sakana-mank.com eta www.navarratriatlon.com.